30 saritik gora zozketatuko dituzte Emir Vazquezi laguntzeko
Emir Vazquez lekeitiarrari laguntzeko asmoz, txaranga, Akustikaiaren kontzertua, txosna eta zozketa solidarioa antolatu ditu Lekeitioko Institutuak biharko [ekainak 20]; herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

Ikasturte amaiera aprobetxatuz, Emir Vazquez 16 urteko gaztearen aldeko jaialdia antolatu du biharko [ekainak 20] Lekeitioko Institutuak. Izan ere, bizkarrezur muinari eragiten dion zeharkako mielitisa izeneko gaixotasun autoinmunea dauka lekeitiarrak, eta gaixotasunari aurre egiteko errehabilitazio espezializatua behar du, oso garestia dena. Hala, Vazquezi laguntzeko ekitaldi eta zozketa solidarioa egingo dute.
Lekeitioko plazan elkartuko dira, eta 18:30 ingurutik aurrera txosna zabalik egongo da. Hala ere, ekintzak 20:00etatik aurrera hasiko dira: “Bertan, kontzertuak, erronkak eta freskagarriak egongo dira, giro paregabearekin batera, noski”. Besteren artean, txaranga eta Akustikaia taldearen kontzertua egongo dira, eta kontzertuaren ostean, produktu askoren zozketa egingo dute. Guztira 35 saritik gora banatuko dituzte, eta horien artean daude, besteak beste, hiru sarrera bikoitz Mendexa Abentura Parkerako, Athleticeko kamiseta sinatuta, dardo jokoa, umeen bizikleta, hiru janari sorta, Natura World oinetakoak, ikasmateriala eta diademazko nahiz bluetooth bidezko entzungailuak.
Jaian parte hartu eta Vazquezi laguntzeko deia luzatu diete herritarrei. Lagundu nahi dutenek baina bihar [ekainak 20] bertaratu ezin dutenek, ostera, emirlagundu.eus web orriaren bitartez donazioak online nahiz transferentzia bidez egiteko aukerak daude.