Domekan Euskadiko Urpeko Bideo Txapelketa lehiatuko da Lekeition
08:00etatik 13:30era izango da txapelketa, eta guztira hamasei partaide edukiko ditu.
Lekeitioko Urpeko Taldeak antolatuta, Euskadiko Urpeko bideo Txapelketa lehiatuko dute hamasei urpekarik domekan [ekainak 22] Lekeition. Helburu argi batekin antolatu dute eguna: “Lekeitioko hondoetako irudiez gozatzeaz gain, gure helbururik handiena gure itsas hondoak babesteko eta horien biodibertsitatea zaintzeko beharraz kontzientziatu eta herritarrei hori ikusaraztea da”.
08:00etatik 13:30era izango da txapelketa, eta bi ordu edukiko dituzte Lekeitioko kostaldeko hondoak filmatzeko. Ostean, 2-4 minutu bitarteko bide bat eta 45-60 segundo bitarteko reel bat egin beharko dituzte. Bideoak prestatzeko zazpi eguneko epea izango dute, eta lau atalen arabera baloratuko dituzte epaileek. Alde batetik, bideoaren gidoia baloratuko dute: “Gaiak, argumentua, narratiba, bilbea, mezua eta bestelakoak baloratuko dira. Bereziki baloratuko dira itsaspeko gaiak dituzten gidoiak”. Bestalde, bideoan agertzen diren fauna eta flora aztertuko dituzte, kopuruz nahiz aniztasunez. Hirugarrenez, edizioa eta postprodukzioa baloratuko dituzte, besteren artean, irudiaren kalitatea, argiztapen egokia, planoen aniztasuna eta erabilitako baliabideak hartuko dituzte kontuan. Azkenik, bideoak ikusleengan eragindako inpaktua baloratuko dute.
Epaimahaiaren balorazioaren eta sari banaketa ekitaldiaren ostean, bideoak Lekeitioko Azkue aretoan egongo dira ikusgai; Urpeko Taldetik adierazi dutenez, aurrerago zehaztuko dituzte eguna eta ordua.