"Gogoz eta pozik" daude ziortza-bolibartarrak San Joan jaiei ekiteko
Zapatuan [ekainak 21] hasiko dira jaiak, eta ez dute etenik izango ekainaren 25era arte. Zapatuko herri bazkarian, esaterako, 190 lagun inguru elkartuko dira; gauean Luhartz erromeria egongo da.
Prest daude ziortza-bolibartarrak San Joan jaiei ekiteko. “Gogoz eta pozik” daude, hain zuzen ere, zapatuan [ekainak 21] hasi eta ekainaren 25ean amaituko dituzte jaiei etorrera egiteko. Ondo funtzionatzen duena aldatu beharrik ez dago, eta hala, “betiko martxan” antolatu dituzte jaiak herritarrek.
Egun guztien artetik badira bi ekintza bereziki herritar ugarik parte hartzen dutena, eta horietako bat da zapatuan [ekainak 21] egingo duten herri bazkaria: “190 lagun gaude apuntatuta, jende asko mugitzen du herri bazkariak”. 12:00etako txupinazoaren ostean hasiko dira herriko taldeak paellak prestatzen, eta 14:30ean egingo dute ia 200 laguneko herri bazkaria.
Herritarren egutegian gorriz markatutako eguna da astelehenekoa [ekainak 23] ere. Sorgin Gaba ospatzen dute urtero, eta tradiziozko sua piztu ez ezik, antzerkia ere egiten dute: “Berezia izaten da. Lehenengo antzerkia egiten dugu, sorginen eta pertsonaia mitologikoen etorrera antzeztuz. Gero, txistulariekin Beheko Zubira joaten gara eta sua pizten dugu, eta hor egon ostean, Sorgin Dantza egiten dugu”. Antzerkia amaitu eta sua piztu aurretik, gainera, kopaua ere egiten dute: urdaia, txistorra, menbilloa eta gazta egongo dira aukeran.
San Joan egunean ere egongo da zer egina herrian. Goiza txistularien kalejiragaz hasiko dute, eta mezaren ostean sobre erakusketa egongo da. Tradizio zaharra den arren, erreleborik ez da faltako Ziortza-Bolibarren: “30 herritar inguruk parte hartzen dute erakusketan, eta tartean, umeak ere aritzen dira horretan. Asko eta asko etxekoekin joaten dira parte hartzera”. Eguna, ostera, Urtza herri kirol taldearen erakustaldiagaz amaituko dute.
Jaiak goi-goitik amaitzeko, San Juan Txiki egunean umeak izango dira protagonista. Ez dira gainera, edonolako protagonistak izango. Izan ere, goizean Zeargoi Dantza Taldearen emanaldia egongo da: “Lehen bazegoen Zeargoi Dantza Taldea herrian, baina denborarekin desagertzen joan zen herritarrak Markina-Xemeinera joaten zirelako. Horregatik, duela lau urte inguru, pandemiaren ostean, berriro ere taldea berreskuratzen saiatu ginen”. Hala, Zerutxu Dantza Taldeko kide batek hartu zuen ziortza-bolibartarrei erakusteko ardura, eta horretan dirau oraindik ere; gaur gaurkoz, hamabost ume dira taldean, eta 6 eta 14 urte bitartean dituzte.

Iaz ere Zeargoi Dantza Taldeak erakustaldia eskaini zuen.
Bazkaltzeko tartea hartu, eta arratsaldean Egun on sikiera ikuskizuna egongo da umeentzat, Zirika Zirkus konpainiaren eskutik; koreografiak, zirkoa, asmakizunak, jolasak, kantak eta beste hamaika ekintzatan igaroko dute arratsaldea umeek. Jaiak amaitu eta beroari aurre egiteko, ostera, izozkia egongo da ume eta nagusientzako.
Denek, denentzat. Ziortza-Bolibarko San Joan jaiek bereizgarriren bat baldin badute, hori herritarren parte hartzea da: “Herriko talde denek parte hartzen dute jaiak antolatzen. Briska txapelketa Kanpape jubilatuen elkarteak antolatu du; herri bazkaria eta umeen eguneko arratsaldeko ekintzak, Markola Guraso Elkarteak; Sorgin gaua eta San Joan Eguneko sobreen erakusketa, Aranbaltz Kultur Elkarteak; eta beste hainbat ekintza, Ziortza-Bolibarko Udalak”. Antolatzaileek zalantzarik barik diote hori “oso pozgarria eta aberasgarria” dela herritarrentzat: “Denon artean antolatutako jaiak dira, herri guztiak hartzen du parte eta denak daude laguntzeko prest. Oso pozgarria eta aberasgarria da denon artean horrela antolatzea jaiak, ume, gazte nahiz nagusi, denok elkartuta”.
Egitaraua.
- Ekainak 21, zapatua.
-
12:00. Txupinazoa.
-
Jarraian. Paella prestaketa.
-
14:30. Herri bazkaria.
-
17:30. Briska txapelketa, eskoletako lokalean. Apuntatzeko ordua: 17:00.
-
Arratsaldean. Herri olinpiadak.
-
20:30. Luhartz taldea.
-
- Ekainak 23, astelehena.
-
20:00. Sorginen eta pertsonaia mitologikoen etorrera eta atzezpena.
-
Ondoren. Jana: urdaia, txistorra, gazta eta irasagarra. Idoia eta Roberto Etxebarria trikilariekin girotuta.
-
22:00. San Juan sua eta Sorgin Dantza, sorginek prestatutako edabeagaz.
-
- Ekainak 24, martitzena.
-
11:30. Txistularien kalejira.
-
12:30. Meza.
-
Ondoren. Sobre erakusketa eta txistulariak elizpean.
-
18:00. Urtza herri kirol taldearen emanaldia.
-
- Ekainak 25, eguaztena.
-
13:00. Zeargoi Dantza Taldea.
-
17:00. Umeentzako Egun on sikiera ikuskizuna, frontoian.
-
Ondoren. Izozkia, denentzat.
-