Zapatuan jokatuko dute Lekeitioko Paleta Argentinar txapelketa
09:00etan hasiko da ligaxka, Lekeitioko Trinkete Etxean. Finalaurrekoak eta finala, ostera, 12:30etik aurrera jokatuko dituzte.
Duela hiru urte antolatu zuen azkenengoz Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteak Paleta Argentinar modalitateko txapelketa, eta bueltan da berriro ere. Hain zuzen ere, zapatuan [ekainak 21] 09:00etatik aurrera elkartuko dira Lekeitioko Trinkete Etxean, eta ligaxka fasea nahiz finalak jokatuko dituzte.
Guztira hamar pilotarik parte hartuko dute. Aurrelariak izango dira Mikel Garcia, Xabier Etxano, Unai Rementeria, Imanol Cerezo eta Lander Gojenola, eta atzelariak, ostera, Txomin Goitia, Asier Fernandez, Iker Agirresarobe, Eñaut Gorosabel eta Gaizka Laka. Hala, denek denen artean jokatuko dute ligaxkan, hamar tantora, eta lehenengo lau atzelari eta lau aurrelariak finalaurrekoetara pasako dira.
Finalaurrekoak nahiz finalak, bikote finkoarekin jokatuko dituzte; 12:30ean izango dira finalaurrekoak, eta 13:00etan, finala. Akarregi Pilota Taldeko kideek trinketera bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei: “Trinketeko kantxak, guk dakigula, Bizkaia osoan lau bakarrik daude. Lekeition duela 30 urte inguru sekulako mugimendua egoten zen trinketean, baina, azken urteetan jaisten joan da. Oso gutxi egon gara jokatzen orain arte, baina azken urtebetean nahikotxo gazte batu dira. Gure helburua trinketeari ikusgarritasuna eman eta paleta argentinar modalitatea ezagutzera ematea da”. Akarregiko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete Lekeitioko Udalari nahiz Amorotoko Erabil enpresari eguna antolatzen laguntzeagatik.

Duela hiru urteko Paleta Argentinar txapelketako jokalariak.Akarregi Pilota Elkartea