Leartibai Fundazioak Smart Factory jardunaldietan parte hartu du
Suspertze Digitala 2025 programaren baitan antolatu zen saioak Adimen Artifizialak ekoizpen denboren kalkulua eta tailerraren kudeaketa integrala hobetzeko duen ahalmena izan zuen ardatz.

Leartibai Fundazioak, Bizkaiko beste 11 eskualderekin eta GAIA Klusterrarekin (Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkartea) lankidetzan, Bizkaiko ETEei zuzendutako “Smart Factory-ra bideratutako jardunbide egokiak – Eraldaketa produktiboa” online jardunaldia antolatu du.
Suspertze Digitala 2025 programaren baitan antolatu zen saioak Adimen Artifizialak ekoizpen denboren kalkulua eta tailerraren kudeaketa integrala hobetzeko duen ahalmena izan zuen ardatz. We are Clickers eta Zitu izan ziren hizlariak, eta Leartibai Fundazioaren eskutik enpresaren eraldaketa digitala gauzatu ahal izateko dauden finantzaketa aukerak ere aztertu ziren.
Adimen Artifiziala (AA) industrian izaten ari den eragina “ukaezina” dela diote eta bi ponentziek, kasu praktikoen bidez, ETEei laguntzeko tresna hori nola inplementatu daitekeen erakutsi zuten. Alde batetik,We Are Clickers aholkularitza enpresak enpresa batean eskaintzak sortzeko prozesuaren automatizazioan AAren bidez saihestu daitezkeen egoerak aurkeztu zituen: denbora eta baliabideak kontsumitzea, arintasun faltagatik aukera komertzialak galtzea, proposamenen funtsik ezari aurre egitea edo ezagutza kapitalizatzeko zailtasunak.
Bestalde, Zitu-k, enpresentzako software berritzailean espezializatutako soluzio teknologikoak eskaintzen dituen enpresak, bere hitzaldia itsas propultsioaren eta ponpa hidraulikoen sektoreko enpresa baten benetako kasu praktiko batean oinarritu zuen. Enpresa horrek tailerraren kudeaketa integrala ezarri du, AAren bidez ekoizpena digitalizatuz eta optimizatuz.
Jardunaldiak Bizkaiko 45 enpresa baino gehiago konektatzea lortu zuen, horien artean Lea-Artibai eskualdeko zazpi enpresa. Gero, Etxebarrian dagoen EIKA kooperatiba bisitatu zuten. Jarduera hori Suspertze Digitala programaren barruan kokatzen da, eta enpresan ezarritako digitalizazio aurreratuko prozesuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman zuen.
Suspertze digitala
Programa 2019an abiarazi zuen lehen aldiz Leartibai Fundazioak, Bizkaiko beste eskualde batzuetako garapen ekonomikoko eragileekin elkarlanean, “Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei eraldaketa digitalean babesa emateko helburuagaz, hobeto kudeatutako prozesu eraginkorragoak sortzen lagunduz eta balio erantsi handiagoko produktuak eta zerbitzuak garatuz”.
Ordundik, hainbat jarduera egin dituzte proiektu honen esparruan: webinarrak, enpresetara bisitak digitalizazio praktika on aurreratuak ezagutzeko, praktika onak transferitzeko erakustaldi tailerrak, digitalizazio planak garatzeko enpresei laguntzeko zerbitzuak…