Bazkide Egunaren "balorazio positiboa" egin dute Mutriku Futbol Taldetik
Antolatzaileak "pozik" gelditu dira Bazkide Egunarekin. Guztira, 220 lagun inguru batu ziren bazkarian.

Mutriku Ftubol taldeak Bazkide Eguna ospatu zuen zapatuan [ekainak 21] lehenengo aldiz, eta antolatzaileek egunaren “balorazio positiboa” egin dute: “Pozik gelditu gara. Lehenengo urtea izanda egiten dugun balorazioa positiboa da”.
11:00etan hasi zuten eguna San Miguel futbol zelaian. Eskolarteko taldeek lagunarteko partidak jokatu zituzten, eta hamaiketakoa ere jan zuten bertan. “Guraso eta bazkide asko joan ziren goizetik futbol zelaira. Lagunarteko partidak jokatu ondoren, Mutriku Futbol Taldeko lehen taldeko jokalariek domina bana banatu zieten jokalari bakoitzari”, zehaztu dute antolatzaileek.
Ondoren, Egaña frontoian batu ziren denak, bazkariaren bueltan; guztira, 220 lagun inguru. “Gustura egon ginen bazkalorduan, eta gainera, trikitilariak ere etorri ziren frontoira, bazkaria alaitzera”. Bazkalostean talde bakoitzeko golegile eta jokalari onenaren sariak banatu zituzten. “Aurten, lehenengo aldiz, baloreen saria ere banatu dugu, eta neska kadeteentzat izan da, denboraldi guztian izan duten konpromisoarengatik”. Sari banaketaren ostean trikipoteoarekin jarraitu zuten Mutriku Futbol Taldeak antolatutako Bazkide Egunarekin gozatzen.