Berriatua, Bizkaiko Herriarteko Zesta Punta Txapelketan nagusi
Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jokatu zuten finala Berriatua eta Markina Xemeinek; hiru mailetako finaletan nagusitu izan ziren berriatuarrak.

Bizkaiko Herriarteko Zesta Punta Txapelketak baditu bere irabazleak. Aurreko urteetako finala errepikatu da aurtengoan ere: Berriatuko eta Markina-Xemeingo zesta eskolak aritu ziren aurrez aurre zapatuan [ekainak 21] Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan lehitu zituzten finaletan. Lehiaketa herri bakarrak irabaz zezakeen, eta laugarren urtez jarraian, berriatuarrek jantzi zuten txapela.
Kadete, jubenil eta senior mailetako finalak jokatu zituzten, eta hiruretan nagusitu ziren Berriatuko zesta eskolakoak. Kadete mailan, Aimar Urkirik eta Alain Basterretxeak nagusitasun osoz mendean hartu zituzten Manex Kareaga eta Orhi Robles markina-xemeindarrak: 30 eta 11 nagusitu ziren. Hasieratik amaierara arte nagusi izanik, “nahiko erraz” eraman zuten finala, txapelketako markagailua 1-0 jarriz. Jubenil mailako partidua presio puntu bategaz jokatu zuten Markina-Xemeingo eskolako Jokin Maguregi eta Kirmen Etxaburuk, finalean bizirik jarraitzeko garaipena behar zutelako. Gogotik tematu ziren, eta azken puntura arte parekotasuna nagusitu bazen ere, Aratz Goikoetxea eta Inhar Aldazabal berriatuarrentzat izan zen garaipena, puntu bakarreko aldeagaz: 30 eta 29. Partidua eta txapelketa bereganatu arren, “partidu oso oso gogorra” izan zela nabarmendu dute Berriatuko eskolatik.
Finala erabakita, hirugarren finala “lasaiago” jokatu zuten puntistek, baina hala ere, Ortzi Aldazabal eta Antxon Alberdi Berriatuako eskolakoekin alde batetik, eta Jokin Arbe eta Eñaut Salegi markina-xemeindarrekin bestetik, maila altuko partidua ikusteko aukera eduki zuten Ezkurdira hurbildu zirenek. Arbe eta Salegiri baina, tantoak biribiltzea kosta zitzaien, eta hirugarren partidua ere berriatuarrentzat izan zen: 30 eta 24 irabazi zuten goizeko azken lehia.
Berriatuko zesta eskolatik “pozik” agertu dira txapelketak utzitakoagaz: “Gazteak pozik daude eta eskola gero eta gogorrago doa; 61 ume eta nagusi ditugu eta jende asko dabil pilotara hurbiltzen”. Gainera, herriarteko bezalako txapelketek jendea animatzea ere ekarri dezaketela uste dute.