Haizea Olabarriak irabazi du Karmen jaietako kartel lehiaketa
Guztira 22 lan aurkeztu dira. Ume eta gazteen mailan Alain Martiartuk eta Laia Muruagak irabazi dute, batera egindako lanagaz. Aurkeztutako lan guztiak udaletxeko sarreran daude ikusgai.

Markina-Xemeingo Udalak joan den maiatzean ipini zuen martxan Karmen Jaietako kartel lehiaketa, eta badute jada kartel irabazlea. Nagusien nahiz ume eta gazteen mailan elkartuta, guztira 22 lan aurkeztu dituzte herritarrek; hamar lan nagusien mailan, eta hamabi lan, haur eta gazteen mailan. Hala ere, nagusietan bi lan eta umeetan beste bat deskalifikatu egin behar dituzte, “baldintzak betetzen ez dituztelako”.
Hala, nagusien artean Haizea Olabarria Arrietaren Windi lana izan da irabazlea eta umeen artean Alain Martiartu Dominguezek eta Laia Muruaga Martinezek batera egindako Alarabi 100eko 100na ematen lana. Udalak nahiz jai batzordeak eskerrak eman dizkiete parte hartu duten denei: “Pozgarria da aurten izan den parte hartzea, bereziki umeen mailan. Udalaren eta jai batzordearen izenean, eskerrik asko parte hartzaile guztiei eta zorionak irabazleei”. Ildo beretik, jakinarazi dute aurten Karmen jaietako egitarauan ez dituztela kartel guztiak argitaratuko, bi irabazleenak soilik; aurkeztutako kartelak ikusi nahi dituztenek udaletxeko sarreran daude ikusgai.

Karmen jaietako ume eta gazteen mailako kartel irabazlea, ‘Alarabi 100eko 100na ematen’, erdian.