Messer eta Willian australiarrek irabazi dute Lekeitioko 32. Triatloia
Gizonezkoetan Luke Willian australiarrak irabazi duen arren, Mikel Arrasate etxeko kirolariak sufriarazi egin zuela aitortu du; Arrasatek sailkapen orokorrean bigarren postua eta Euskadiko Txapelketan garaipena lortu ditu. Emakumezkoetan iaz hirugarren amaitu zuen Mikalya Messer izan da garaile. Antolatzaileek kirolari atzerritarren maila ez ezik, euskaldunen "maila itzela" ere nabarmendu dute.

Iazko antzera, aurtengoan ere australiarrak izan dira garaile Lekeitioko 32. Triatloian: Mikalya Messer eta Luke Willian. Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, Lekeitioko Nazioarteko Triatloiak gero eta kirolari nahiz ikusle gehiago elkartzen ditu herrian, eta zapatuan [ekainak 21] ere hala izan zen: “Giro itzela egon zen, eta kirol maila ere, itzela izan zen, ez bakarrik atzerritarrena, baita euskaldunena ere”.
Izena eman zuten 496 kirolarien artean, euskaldunen maila itzel haren erakusgarri izan zen Mikel Arrasate etxeko kirolariak egindakoa. Willian australiarrak iazko garaipena errepikatzea lortu bazuen ere (00:57:55), Amandarriko Arrasatek sufriarazi egin zuela aitortu du: “Mikel Arrasate herriko heroiak lasterketa osoan sufritzen genuela ziurtatu zuen, baina dibertigarria izan zen”. Hala, Arrasatek iazko bere marka hobetu, eta iaz eskuratutako hirugarren postutik bigarrenera igotzea lortu zuen. Izan ere, iaz ordubete eta 43 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta aurten 58 minutu eta hemeretzi segundo baino ez ditu behar izan triatloia amaitzeko; sailkapen orokorreko bigarren postua ez ezik, 23 urtez azpikoen artean garaipena ere lortu zuen Arrasatek.
Gizonezkoen podiuma Joanes Goitisolo gernika-lumotarrak osatu zuen, Peñota Dental Alusigma taldea ordezkatuz. Goitisolok ere haren marka hobetu, eta iazkoarekin alderatuz, sailkapenean postu bat igotzea lortu zuen, 00:59:19ko denbora eginda. Eskualdeko lehenengo kirolaria, ostera, Garraitz Kirol Taldeko Aratz Aizpurua izan zen; 01:00:24ko denboragaz, sailkapen orokorrean seigarren postua lortu zuen. Haren atzetik geratu zen talde bereko Aner Larreategi ere, 01:00:43ko denbora eginda; Larreategik 23 urtez azpikoen artean bigarren postua lortu zuen, Arrasateren atzetik.
Emakumezkoei dagokienez, Messerrek iaz hirugarren postuan amaitu zuen, Ellie Hoitinken eta Ainhoa Muruaren atzetik 01:09:09ko denbora eginda. Aurten, ostera, bi postu aurreratu, eta garaipena dastatzeko aukera eduki du, 01:09:34ko denboragaz. Sailkapen orokorrean bigarren geratu da iaz laugarren postua lortu zuen Briana Mow australiarra (01:09:44); 23 urtez azpiko emakumezkoetan berak lortu zuen garaipena. Hirugarren postua eskuratu zuen Gyu-ri Kim hego koreatarrak (01:11:00). Eskualdeko lehenengo emakumea, ostera, Amandarri Triatloi Taldeko Klaudia Erkiaga izan zen, 01:14:46ko denbora eginda; sailkapen orokorrean zortzigarren postua eta 23 urtez azpikoen artean, laugarrena, lortu zituen Erkiagak.
Taldeka. Gizonezkoen taldekako sailkapenetan, ostera, Peñota Dental Alusigmako kideek lortu zuten garaipena, 03:00:55eko denboragaz. Lau minutu gehiago baino ez zuten behar izan Garraitz Kirol Taldekoek lanak amaitzeko, eta hala, bigarren postua eskuratu zuten, 03:04:47ko denbora eginda. Podiuma osatzeko, Garraitzek baino bi minutu gehiago baino ez zituzten behar izan Amandarri Triatloi Klubekoek lasterketa amaitzeko, eta 03:06:35eko denbora eginda amaitu zituzten lanak.
Emakumeen taldekako sailkapenetan ere, Peñota Dental Alusigma izan zen garaile (03:49:04). Haren atzetik, bigarren postua eskuratu zuen Yepa! Triatloi Klubak (03:56:29), eta 40 segundo gehiago baino ez zituzten behar izan Amandarrikoek lanak amaitzeko; hala, etxeko taldeak hirugarren postua eskuratu zuen, 03:57:13ko denboragaz.
Aurtengo lan guztiak amaituta, kirolariei ez ezik, eguna aurrera ateratzen lagundu zieten boluntario guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete Garraitzekoek.
Euskadiko Txapelketa. Lekeitioko 32. Triatloiagaz batera lehiatu zuten kirolariek Euskadiko Txapelketa ere. Zelan ez, sailkapen orokorrean bigarren postua eskuratuta, Amandarri Triatloi Klubeko Arrasate izan zen garaile Euskadiko Txapelketan, eta haren atzetik geratu zen Goitisolo gernika-lumotarra. Podiuma, ostera, Garraitzeko Aratz Aizpuruak osatu zuen, 01:00:24ko denbora eginda. Emakumezkoetan, aldiz, Galdakaoko Mozoilo Triatloi Klubeko Ane Gurtubaik lortu zuen garaipena (01:11:06), eta atzetik geratu ziren Saltoki Trikideak taldeko Malen Arrieta (01:12:53) eta Yepa! Triatloi Klubeko Aitana Abalos (01:13:07). Segundo batzuen aldeagaz, podiumean sartzeko puntu-puntuan egon zen Amandarriko Erkiaga, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan du aurten.
Taldeka, ostera, gizonezkoetan bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituzten Garraitzek eta Amandarrik, hurrenez hurren. Emakumeetan, aldiz, Amandarri bigarren eta Garraitz zazpigarren sailkatu ziren.