Rementeriak eta Lakak irabazi dute Paleta Argentinar txapelketa
25 eta 17 irabazi diete Mikel Garcia eta Asier Fernandezi. Akarregi Pilota Taldeak egunaren balorazio ona egin du.

Zapatuan [ekainak 21] jokatu zuten hamar pilotarik Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteak antolatutako Paleta Argentinar modalitateko txapelketa. Antolatzaileek adierazi dutenez, “helburuak beteta” amaitu zuten eguna: “Hainbat ikusle etorri ziren, helduak, gazteak eta lehen jokatzen ibili zirenak ere bai. Mugimendua egon zen. Kezka handia egon zen hezetasunarengatik jokatu ahal izango genuen edo ez, baina azkenean dena oso ondo atera zen. Balorazi oso ona egiten dugu, helburuak bete ditugu”.
Hala, ligaxka, finalerdiak eta finala jokatu zituzten pilotariek. Ligaxka fasea bost aurrelari eta bost atzelariek nahastean jokatu zuten, eta partidak “nahiko estuak” izan zirela adierazi dute antolatzaileek. Finalerdiak ere, estuak izan zirela azaldu dute. Halabaina, aurrera egitea lortu zuten Mikel Garcia eta Asier Fernandezek alde batetik, eta Unai Rementeriak eta Gaizka Lakak, bestetik; bigarrenek irabazi zuten lehiaketa, Garcia eta Fernandez 25 eta 17 mendean hartuta.