Bisitari eta zerbitzu sektoreko eragileei euskararen garrantzia ikusarazteko kanpaina, martxan
Zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzeko ‘Bertatik bertara’ kanpaina martxan da Uemaren parte diren udalerrietan. Bisitariei eta zerbitzu sektoreko eragileei euskararen garrantzia ikusarazteko kanpaina da.

Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina martxan jarri du udalerri euskaldunetan, seigarren aldiz, Uemak: Bertatik Bertara. Hori dela eta, hainbat baliabide eskainiko dituzte Uemak eta bertako kide diren dozenaka udalek: esaterako, 300.000 mahai-gaineko banatuko dituzte ostalarien artean, gurea euskararen herria dela nabarmentzen duen diptikoak zabalduko dituzte turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten guneetan; eta merkatariek eta ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat irailaren erdialdera arte iraungo duen kanpainarekin, aurreko urteetan bezala.
Aurten, gainera, ohiko hiztegi txikiez gain, euskarazko kultura eta musika ikusarazteko musika zerrendak ere prestatu ditu UEMAk: bidaiaren soinu banda bisitarientzat eta euskarazko musikarekin osatutako zerrendak denda, taberna zein jatetxeetarako.
Izan ere, Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du Uemak.
Taberna eta jatetxeei dagokienez, Uemako kide diren 118 udalek dute tabernetan eta jatetxeetan zabaltzeko mahai gainekoak eskatzeko aukera. Ze, mahaigaineko horietan, bisitarientzako oinarrizko hiztegiaz eta euskarazko musika zerrenta batera bidera bideratutako QRaz gain, kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen testu labur bat darama. Era berean, sei euskal herritarren bideoetarako QRak ere biltzen ditu, azalpenak sei hizkuntzatan entzun ahal izateko.
Hala, bideo horietako batean euskaraz ari da Leioan jaio eta Azpeitian bizi den Mari Marron; gazteleraz hitz egiten du Argentinan jaio eta Markina-Xemeinen bizi den Lucia Conzik; Katalanez dabil Herrialde Katalanetan jaio eta Oiartzunen bizi den Maria Manera; galegoz hitz egiten du Zarautzen jaio baina guraso galiziarrak dituen eta ama hizkuntzari eusten dion Begoña Rey; frantsesa darabil, aldiz, Frantzian jaio eta Arbizun bizi den Laurent Richardek; eta, ingelesez egiten du berba Alaskan jaio eta Asteasun bizi den Ashlyn Simmonsek.
Mahaigaineko horiez gain, bisitarientzako diptikoa prestatu dute: turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak dira, kanpainaren berri ematen dutenak, mahai gainekoan agertzen diren sei euskal herritar horien hizkuntzetan. Bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegi laburra ere biltzen du diptikoak, besteak beste.
Baliabideak.
Euskarrietaz aparte, merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu sektorean zerbitzua euskaraz emateko baliabideak zabaltzea ere badu helburu Uemak. “Esku orri bat bidali diegu, eta, horren bitartez, zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia azaltzeaz gain, hori egiteko baliabideak eskaintzez dizkiegu: kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz jartzeko itzulpen eta diseinu zerbitzua, euskarazko musika zerrendak, online hiztegiak, eta abar.
Izan ere, zerbitzua euskaraz eskaintzeak bisitari eta bezeroengan jakin-mina pizten duela uste dute Uemakoek, bisitariengan euskaldunen nortasunari buruzko datuak emanez. Hala, lehen hitza eta agurrak euskaraz egitera gonbidatu dituzte zerbitzu sektoreko langileak, baita hizkuntza paisaia zaintzera ere: kartelak, oharrak, ordutegia, webgunea eta sare sozialak. Musika jartzekotan, euskarazkoa aukeratzeko gonbidapena ere luzatu diete, baita bisitariekin euskarari buruz berbetakoa ere.