Bizixo Jai Konpartsak "adin tarte guztientzat" pentsatutako egitaraua aurkeztu du
Uztailaren 18tik 25era ospatuko dira aurten Malen jaiak Mutrikun, eta Bizixo Jai Konpartsak egitarau oparoa iragarri du bere txosnagunean. Besteren artean, hainbat musika, antzerki, bertso saio eta umeentzako jolas egongo dira.

Uztailaren 18tik 25era ospatuko dira aurten Malen jaiak Mutrikun, eta Bizixo Jai Konpartsak egitarau oparoa iragarri du bere txosnagunean. Aurtengoan, herritarren “erantzun ona” ikusita, berrikuntzekin batera helduko dira urtero egiten dituzten ekintzak ere: “Adin tarte guztientzat pentsatutako egitaraua prestatu dugu, herriko eragileen artean antolatuta”.
Gazte Eguna uztailaren 19an izango da, eta hor helduko da berrikuntzeta nagusietako bat: “Aurten Gazte Eguneko bazkaria antolakuntza bidez autogestionatuko dugu”. Hala, bazkarian izena emateko aukera egongo da, 7 euroren truke, ekainaren 30era arte. Ostean, beste berrikuntza bat helduko da: Txaranga a la Mutrikuarrarekin kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar.
Uztailaren 21ean, aldiz, Mozorro Eguna ospatuko dute. Aurtengo gaia zinema izango da; horren harira iluntzean “And the oscar goes to… Bizixo” antzezlana aurkeztuko dute konpartsako kideek.
Musikak ere protagonismo berezia izango du Malen jaietako egitarauan. Adierazi dutenez, musika anitza ekartzen saiatu dira, eta hala, besteren artean, Akeer, Malakias MX3, La Jodedera, Arratians, Ganibet, Kaparrak, Selektah Stepi, DJ Wendi, MJPQ, Laket erromeria eta DJ Juseff igoko dira oholtzara.
Bertso saioak eta umeentzako jolasak ere egongo dira, jaietako eskaintza “zabala eta anitza” osatuz, konpartsako kideek adierazi dutenez.
Protokoloa. Era berean, Malen Jaietako eraso matxisten aurkako protokoloa ere aurkeztu dute. Antolatzaileek protokoloaren garrantzia nabarmendu dute, eta adierazi dute “funtsezkoa” dela halako jarreren prebentzioa eta erantzun egokia ematea: “Protokoloak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta edozein erasoren prebentzioa zein erantzunak duena ere”. Aurreko urteetako protokoloarekin alderatuz aldaketak “bereziki nabarmenak ez diren arren”, hainbat ertz zorroztu dituztela adierazi dute: “Derrigorrezkoa ikusten dugu urtetik urtera berrikustea, eta behar desberdinei erantzuna ematen saiatzea. Protokolo lantaldea martxotik biltzen da bi astetik behin. Indarkeriarik gabeko jaiak nahiko genituzte, baina, gaur egungo egoera ikusita fokua erantzun bateratu bat ematean ipintzen dugu”.
Ildo beretik, Malen jaixetan erasoik ez lelopean uztailaren 18an egingo duten elkarretaratzera bertaratzeko deia egin diete herritarrei nahiz inguruetako bizilagunei, bai eta jaietako “egitarau zabalean” parte hartzeko deia ere.