Etxez etxeko informazio kanpaina hasi dute hondakin organikoaren sailkapena sustatzeko
Lea-Artibai Mankomunitateak bisitak eta herri batzarrak egingo ditu hurrengo asteetan hainbat herritan. Izen ematea online egin behar da.
Hondakinen kudeaketan urratsak emateko asmotan, Lea-Artibai Mankomunitateak datozen hilabeteetan etxez etxeko bisitak egingo ditu. “Helburua da herritarren artean ohitura jasangarriak sendotzea eta birziklatze-tasak handitzea, betiere ingurumenaren eta ekonomia zirkularraren alde”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, hezitzaile talde bat ariko da informazioa eskaintzen eta zalantzak argitzen. Besteak beste azalduko dute nola sailkatu hondakin organikoa, nola egin konposta edota nola berezi frakzio desberdinak. Gainera, aukeraren arabera, etxeko edo auzoko konposta eta bosgarren edukiontzia nola erabili irakatsiko dute.
Hurrengoko datetan egongo dira bisitak herri bakoitzean:
- Markina-Xemein: ekainaren 23tik uztailaren 31ra
- Ziortza-Bolibar: ekainaren 30etik uztailaren 4ra
- Berriatua: uztailaren 3tik 11ra
- Etxebarria: uztailaren 3tik 10era
- Ispaster: uztailaren 14tik 18ra
- Uda ostean egingo dira bisitak Lekeition eta Ondarroan
Kanpainaren nondik norakoak azaltzeko herri batzarrak egingo dituzte zenbait herritan:
- Ziortza-Bolibar: uztailaren 2an, 18:00etan
- Berriatua: uztailaren 2an, 20:00etan
- Etxebarria: ekainak 27an, 18:30ean
- Ispaster: uztailaren 10ean, 18:30ean
Herritarrek online izena emateko aukera dute eta horrez gain, Berezi eta Irabazi kanpainaren webgunean informazio praktikoa eta gida erabilgarriak jarri dituzte eskuragarri. Gainera, zalantzarik izatekotan 900 1040878 telefonoa eta lurralde@lea-artibai.org posta elektronikoak jarri dituzte herritarren eskura.
Mankomunitatetik azaldu dutenez, araudi berriak hondakinen murrizketa, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko neurriak “zorroztu” dituzte. Eta neurri horiek eskualdeko udalerrietan “eragina” izango duela diote eta helburu horiek betetzea “birziklatze tasa handitzea ezinbestekoa” dela.
Gaur egun, Lea-Artibaiko hondakinen %57 errefusara doa eta %35era jaitsi litekeela uste dute sailkapena “ondo” eginez gero. Hondakinen kudeaketak urtean 1.190.500 euroko kostua du eskualdean, eta horietatik 651.000 euro errefusa biltzera eta tratatzera bideratzen dira. “Datu horiek erakusten dute sailkapen desegokiak kostu ekonomiko handia dakarkiola eskualdeari. Etorkizunean, gainera, araudiaren arabera, udalek ezin izango dituzte kostu horiek bere gain hartu, eta tasak zuzenean herritarrei aplikatuko zaizkie”. Horregatik diote “hain garrantzitsua” dela hondakinak egoki sailkatzea: “Ingurumena zaintzeaz gain, tasak murrizten lagunduko du”.
Gauzak horrela, Lea-Artibai Mankomunitateak “konpromisoa” erakusten du eta herritarrak parte hartzera eta ekarpena egitera deitu dituzte, “egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi kalitatea bermatzeko”.