Amaitzear daude San Joan jaiak Aulestin eta Ziortza-Bolibarren
Joan den asteburuan eman zieten hasiera jaiei bi herrietan, eta euren onenak emanda, gaur [ekainak 25] agurtuko dituzte aurtengo San Joan jaiak. Bi herritako antolatzaileek jaiek balorazio onak egin dituzte.

Gaurkoagaz [ekainak 25] amaitu dituzte San Joan jaiak Aulestin eta Ziortza-Bolibarren. Familia eta lagunartea, asteburuan hasi eta gaur arteko jaiak ospatu dituzte bi herrietan; gaur San Joan txiki egunagaz esan diete agur jaiei Ziortza-Bolibarren, eta San Joan Bigarrenagaz, Aulestin.
Umeak pozik eta familikoak ere bai, azken egunari hasiera Zeargoi Dantza Taldearen emanaldiagaz eman diete. Herriko 15 ume inguruk osatzen dute taldea, eta herritarrek txalo eta animo artean hartu dituzte dantzariak. Egunagaz amaitzeko, ostera, Egun on sikiera antzezlanagaz gozatuko dute arratsaldean, eta izozki bategaz emango diete amaiera jaiei.
Atzo [ekainak 24] ospatutako San Joan Egunaren aurretik, beste bi jai egun ere izan dituzte ziortza-bolibartarrek. Astelehenean [ekainak 23] iluntzean ekin zieten egunari, Sorgin Gauagaz: “Oso ondo joan zen. Frontoian antzerkia egin genuen lehenengo, eta jende ugari etorri zen ikustera. Gero kopaua egin genuen, eta ondoren, sua piztera joan ginen. Eguraldiak ere lagundu zigun, eta herritarren parte hartzea ere handia izan zen. Oso pozik gaude aurtengoarekin”. Hala, sua piztu ostean plazara itzuli ziren sorgin dantza egin eta edabea edatera.
Domekan [ekainak 22] zapatukoa errekuperatzeko eguna izan zuten. Izan ere, zapatuan [ekainak 21] egun guztiko egitarauagaz gozatu zuten herritarrek. Eguerdian paellak prestatu zituzten herritarrek, eta ostean, herri bazkaria egin zuten 200 pertsona inguruk: “Bost paella egin ziren, eta oso ondo egon zen; eguraldiak ere lagundu zigun. Arratsaldean herri olinpiadak egin genituen, eta herritar denek parte hartu zuten. Polita da ikustea antolatutako ekintzetan herri guztiak parte hartzen duela, ume, gazte zein heldu”.
Herri olinpiaden aurretik, aldiz, Kanpape Jubilatuen Elkarteak antolatutako Briska Txapelketa egon zen. Guztira hamahiru hirukotek eman zuten izena, baina guztietan onenak Felix Mendibe, Jose Luis Zelaia eta Jesus Arriaga izan ziren; txapela eta garaikurra eskuratu zituzten.
Aurtengoak atzean utzita, Ziortza-Bolibarko Udalak nahiz herriko eragileek jaien balorazio “oso ona” egin dute: “Ikusten dugu gero eta herritar gehiagok parte hartzen dutela, eta hori pozgarria da guretzat. Gustura gaude aurtengoarekin, eta jaien balorazio oso ona egiten dugu”.
Aulestin, balorazio positiboa. Aulestin ere gaur [ekainak 25] emango diote amaiera ekainaren 20an hasitako San Joan jaiei. Aulestiko Jai Batzordetik jaien “balorazio positiboa” egin dute: “Orokorrean oso giro ona egon da egun guztietan, herritar asko batu gara, eta ekintzetan herritarron parte hartzea ere handia izan da. Giro ederrean pasa ditugu San Joan jaiak”.
Gaur [ekainak 25] mezagaz eman diote hasiera jaietako azken egunari, 12:00etan, Murla auzoan. Ondoren, Roberto eta Idoia trikitilariak ibili dira kaleak alaitzen, eta amaitzeko, 14:30ean Ilunzar tabernan batu dira herriko nagusiak, “hirugarren adinekoen eta pentsiodunen bazkarian”.
San Joan egunean [ekainak 24] herriko plaza hartu zuten aulestiarrek, 25. sobra sariketako saridunak nortzuk izango ziren jakiteko. 12:15erako aurkeztu zituzten sobrak, eta epaimahaiak aurkeztutako sobrak baloratzen zituen bitartean, bigarren Leiho, Balkoi eta Etxe aurreen lore lehiaketako sariak banatu zituzten. Hala, Alizia Eizagirre izan zen irabazlea; Josu Uriarte bigarrena; eta Arantxi Abrisketa hirugarrena. Etxe aurreetan, Txorrekuk irabazi zuen lehen saria, eta Mertxe Gerenabarrenak bigarrena.
Ondoren, sobra sariketako sariak banatzeari ekin zieten antolatzaileek. 57 parte hartzaileen artean, zazpi sari banatu zituzten. Mertxe Gerenabarrena, Enkarna Anitua eta Izar izan ziren lehen saria eskuratu zuten parte hartzaileak, eta Maria Nieves Unamuno, Urregarai Eskola, eta Olatz Malexetxebarriak bigarren saria lortu zuten. “Aipamen berezia egin nahi diegu Urregarai Eskolako umeek aurkeztutako sobrari. Izan ere, lehenengo aldia da aurkezten dutena eta bigarren saria lortu zuten”. Behin sariak banatu ondoren, antolatzaileek esker bereziak eman zizkieten San Blas Hirugarren adineko eta Pentsiodunen Elkarteari, baita Urregarai Eskolari, eta Marijeri ere: “Barikuan Marije joan zen eskolara umeei sobrak egiten erakustera. Beraz, esker berezia eman nahi diegu hirurei, belaunaldi berriek ohitura zaharrak ezagutzea oso garrantzitsua baita”. Arratsaldean, esku pilota partidak egon ziren frontoian, eta ondoren, herriko tabernetan pintxo potea egon zen.
[IRAKURRI SAN JOAN EGUNEKO ALBISTEA HEMEN]
Astelehenean [ekainak 23], San Joan bezpera ospatu zuten aulestiarrek, eta arratsaldean eman zioten hasiera jai giroari mahai jolas txapelketarekin. Ondoren, Errota Erromeria igo zen oholtza gainera, eta 22:30ean, musika eta buruhandiek alaituta, kalejiran joan ziren aulestiarrak plazatik parkera: “Giro oso ederra sortu zen suaren bueltan. Euskal dantzak dantzatu genituen, borobil handi batean, eta bakoitzak aurreko urteko sobra sutara bota zuen”.
Domekan [ekainak 22], herriko dantzariek hartu zuten plaza, eta antolatzaileen arabera “jende asko” batu zen bertan. Arratsaldean, Euskadiko Orga Txapelketa eta harri jasotzaileen ikuskizuna egon ziren frontoian: “Herritarrez gain, inguruko herrietako jendea ere bertaratu zen frontoira, eta bete egin zen”. Jon Marijuan Sagastik irabazi zuen Euskadiko Orga Txapelketa, eta Unai Goitia Goitiandia aulestiarrak bigarren postua lortu zuen.
Zapatuan [ekainak 21] Paella Egunean batu ziren aulestiarrak; guztira, 300 lagun inguru. Behin paella jan ondoren, jolasetan murgildu ziren herritarrak: “Jone Antsotegi eta Julen Antsotegik prestatu zituzten jolasak, eta sekulako giroa sortu zuten. Aurreko urtean olinpiadak egin genituen baina aurten, beste buelta bat eman, eta jolas dibertigarri bezain originalak prestatu zituzten. Parodia bat egin zuten; udaletxeko talde politiko berria sortu behar zuten, eta horretarako, kuadrillaka lehiaketa bat antolatu zuten. Udaletxeko agintea lortzeko ezaugarri onenak zituen kuadrillak irabazi zuen jolasa. Oso dinamikoa eta parte hartzailea izan zen, eta barre asko egin genuen”. Ondoren, Trikizio erromeriak dantzan jarri zituen herritar guztiak.
Gazte Egunarekin eman zioten hasiera ekainaren 20an [barikua], eta bazkaritan 25 lagun inguru batu ondoren, saiheski janean plaza bete zuten herritarrek. Lea Ibarrako Kubike Aisialdi Taldeak bota zuen aurtengo txupinazoa, eta oholtza gainera igo ziren ume zein nagusi; finean, Kubike osatzen duten herritarrak. “Oso berezia izan zen txupinazoa. Kubikekoek taldearen abestia kantatu zuten, eta momentu polita izan zen”. Aldarrikatzeko unea ere izan zen; izan ere, Palestina jasaten ari den genozidioaren aurka ere agertu ziren: “Sortu berri den Aulesti-Palestina taldeak jaietan Palestinaren aldeko mezuak zabaldu ditu herrian, eta txupinazoa ere Palestinaren aldeko aldarriak zabaltzeko aprobetxatu zuten”. Beretter eta DJ Areneren kontzertuekin amaitu zuten Gazte Eguna.









































































































































































































































































































Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.