Lekeitio eta Aulesti izango ditu geraleku EuskarAbenturak
Atharratzetik aterako dira Euskal Herriko txoko desberdinetako 126 gazte uztailaren 1ean [martitzena]. Azken gauetako bi egingo dituzte Lekeition eta Aulestin.
Zazpigarren EuskarAbenturak Busturialdea zeharkatuko du. Euskal Herriko txoko desberdinetako 126 gazte uztailaren 1ean [martitzena] aterako dira Atharratzetik eta uztailaren 31n Getxora helduko dira. Bidean, gau bana egingo dituzte eskualdean, uztailaren 25ean Lekeition eta 26an Aulestin. “Euskara oinarri izango dituen harreman berriak eraikitzen lagundu nahi du espedizioak, pauzoz pauso Euskal Herria alderik alde gurutzatzen, egunerokoaren gora-beherak bizitzen eta txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean”, azaldu dute.
Aurten gainera EITBgaz sinatutako hitzarmenari esker, Primeran plataformak lau saio ekoitziko ditu partaideen bizipenak “ardatz” dituenak. “Espediziotik kanpo dauden gazteengana heldu eta euskaldunen sareak elikatzen jarraitzea da asmoa”. Antolatzaileek babesleen ekarpena eskertu dute gazteentzat koste ekonomikorik ez duen espedizioa antolatu ahal izateko. 27 herritan izango dituzte geraleku, aurtengo berritasuna Abaurregaina izango da.
126 gazteetatik 43 bizkaitarrak izango dira. Aurten ez da diasporako kiderekin izango. Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena du aurtengoak: 20 kide. Horrez gain, gehiengoa emakumeak izango dira, %61,1. Gazteekin batera, 28 lagunek osatutako lan taldeak gidatuko du irteera. “Urtero, EuskarAbenturak osasun lan talde bat abenturara etortzea nahi du, baina aurtengoan oraindik osatzeko dago”. Norbaitek interesik badu elkarteagaz harremanetan jartzeko deia egiten dute.