Mutrikuko sokatira taldeak ilusioz eta gogoz hartuko du etxeko jardunaldia
Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketaren 540 kg eta 600 kg-ko bigarren jardunaldia ekainaren 28an izango da, Mutrikuko Galdonamendi auzoan Arratsaldeko 18:00etan
Lehen jardunaldian mutrikuarrek hirugarren postua eskuratu zuten bost talderen artean, sailkapenaren erdian, alegia. Lehiaketan parte hartzen duten talde nagusien artean daude Gaztedi eta Goierri, bakoitzak bi talde aurkeztuta. Mutrikukoek, euren esanetan, bi talde horietako bigarren taldeak baino hobeto jardun zuten: “Lurzorua egoera konplikatuan zegoen, baina gure helburua bete genuen”, adierazi dute.
Helburua, hasieratik, Goierri eta Gaztediko bigarren taldeak gainditzea izan da. “Ilusioz eta entrenamenduz joan zen urteko emaitza hobetzea zen gure asmoa, eta soka zer den ikasten eta gozatzen jarraitu nahi dugu”, azaldu dute. Azken jardunaldian lortutako emaitzak, entrenamenduen fruitua direla uste dute.
Mutrikuko taldea orain dela urtebete hasi zen sokatiran, eta lehen jardunaldietatik hona teknika eta talde izaera sendotzen aritu dira. “Gure helburua plazara irten eta ahalik eta itxura onena ematea da”, nabarmendu dute. Gaztedi eta Goierriko lehen taldeak, berriz, jada esperientziadunak dira modalitate honetan.
Jardunaldia etxean izanik, herritarrak animatzeko deia egin du taldeak: “Talde hasi berri bat gara, eta jardunaldia Mutrikun jokatuko denez, herritarrak bertaratzera gonbidatu nahi ditugu”. Ilusioa eta etengabeko hobekuntza dira taldearen iparrorratzak. “Momentuz gauzak oso ongi doaz eta gure maila erakusten ari gara; espero dugu jardunaldiek aurrera egin ahala hobetzen jarraitzea”, azaldu dute amaieran.