Tarinek ikasturteko azken emanaldien balorazio “ona” egin du
Markina-Xemeingo eta Berriatuko musika eskolak hainbat emanaldi eskaini izan ditu ikasturtea amaitzeko.

Ekainaren amaieragaz batera, umeek eskolako bakarrik ez, musika eskolan parte hartzen dutenek ere, ikasturtea amaitzen dute. Markina-Xemeingo eta Berriatuko Tarine musika eskolak ere horrela egin du, baina ikasturtea amaitzeko, zelan ez, musika emanaldiak eskaini dituzte. Hain zuzen ere, maila eta adin guztietako ikasleek hilabeteetan ikasitakoa erakusteko modua izan da. Ikasle eta irakasleak, behintzat, “pozik” amaitu dutela nabarmendu dute, eta “jendearen gustokoa izatea” espero izan dute.
Markina-Xemeinen, adibidez, Uni frontoian Udaberriko Soinuak eskaini ostean, azken astean egunero egin dituzte emanaldiak ikasleekin. “Ikasitakoa erakutsi dute familia eta lagunen artean, beraz, balorazioa ona izan da”. Berriatuan, ordea, ekainaren 20an [barikua] Udaberriko Soinuak kontzertua eskaini zuten denek elkarrekin. “Goizean eguraldi ona izan genuen, baina gero kaxkartu egin zen eta leku aldaketa egin behar izan genuen. Zorionez erabakia goiz eta arin hartu genuen eta jolastokian amaitu genituen emanaldiak”.