Etxebizitzaren egoeraren inguruan aritu dira Lekeition
Lekeitioko EH Bilduk 'Etxebizitza politika: neurriak eta ereduak' mahaingurua egin du. Adierazi dute etxebizitzaren problematika lantzen jarraituko dutela; uztailaren 5ean "etxebizitza ez dela jolasa" salatuko dute.

Lekeitioko EH Bildu “etxebizitzaren problematika azaleratzeko” hainbat ekimen egiten ari da, eta horietako bat izan zen joan den eguaztenean [ekainak 25] egin zuten mahaingurua. Etxebizitza politika: neurriak eta ereduak izenburupean, Lekeitioko “ezaugarri antzekoak” eduki ditzaketen herrietako alkateak gonbidatu zituzten, eta mahaingurua egin zen herri bakoitzaren egoera aztertu eta alternatiba aukerak mahai gainean ipintzeko. Hala, bertan izan ziren Zuriñe Gojenola Lekeitioko alkateordeagaz batera, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Xabi Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkidea eta Amets Jauregizar Bakioko alkatea: “Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Aurrerantzean ere jarraituko dugu gai hau lantzen. Hurrengo astean bertan, uztailaren 5ean, monopoli bat egingo da, eta bertan etxebizitza ez dela jolasa salatuko dugu”.