Janzkera desberdinez, baina betiko ilusio beragaz
Gaurtik [ekainak 27] domekara [ekainak 29] bitartean ospatuko dituzte munitibartarrek San Pedro jaiak. Denetarikoez osatutako egitaraua ondu dute. Berritasun nagusia da aurten ez direla mozorrotuko: kuadrilla bakoitzak bere elastiko propioa egin du.
Udaren eta urteko egunik luzeenen ailegaeragaz batera, munitibartarrak prest daude San Pedro jaiei heltzeko. Udalak eta herriko eragileek antolatutako jaiak gaur bertan [ekainak 27] ipiniko dituzte abian, etzira [ekainak 29], San Pedro egunera, bitarte. Jai Batzordeko antolakuntzak azaldu duenez, “herritik eta herrirako” prestatzen dituzte jaiok, alegia, “kanpora begiratu barik”: “Urtero-urtero, tokiko herritarrek oso gogotsu hartzen dituzte; elkarrekin disfrutatzeko asteburua izan ohi da, beste ezertaz arduratu gabe. Aurten ere, herritarrak sanpedroak heltzeko desiratzen egon dira”.
Ondo funtzionatzen duen formula aldatu barik, hiru eguneko ospakizun egiturari eutsiko diote aurtengoan ere. Asteburu osoan egongo da zer egin, zer ikusi eta zer dastatu. Herritarren “gozamenerako” asteburua izaten denez, beraiek dira protagonista: “Helburu nagusia da munitibartarrak elkartzea, eta horretarako ez da egitaraua oparoegirik edota jarduera bereziegirik egin behar; lau gauzatxorekin jaiak antolatzen saiatzen gara, xumetasunez baina guztientzako espazioagaz”. Gaurkoa jaien harrera jardunaldia izango da; txupinazoagaz eta osteko mokaduagaz hasiko dituzte. Zapatuan giroa “berotu” egingo da, herri bazkaria egingo dute plazan, eta mahaigainekoa jolasekin nahiz musikagaz girotuko dute.
Adin tarte denetako herritarrak ahal bezainbeste asebetetzea bilatzen dute antolatzaileek sanpedroetan: “Bai nagusiek, bai helduek, bai haurrek ondo pasatzeko jaiak dira sanpedroak; jateko, edateko eta jolasteko ospakizunak dira. Egun politak izaten dira denen artean herri izaera eraikitzeko eta herritarren arteko hartu-emanak sendotzeko“. Domeka “beharbada adinez nagusienak direnei” zuzendutako eguna izango da, egun horretan egingo baitute jubilatuen talde bazkaria.
Ia 20o lagun.
Jubilatuen bazkarira 25 lagun inguru bildu ziren iaz, eta aurtengo aldirako ere pareko aurreikuspenak ditu antolakuntzak. Zapatuko herri bazkarian, aldiz, ia 200 herritar elkartuko dira. Urtero-urtero, munitibartarrek ederto erantzuten diote jaietako bazkaritarako deialdiari. Bingo musikatua egingo dute bazkalostean, “mahaigainekoa girotzeko”.
Txopitturri Guraso Elkarteak proposatuta, aurten gildarik onena nork egingo ariko dira herritarrak. Sanpedroetan, beti egin izan dute pintxo janaldia, baina iazko Andra Mari jaietan tortilla txapelketarekin saiatu ziren, eta “emaitza bikaina” eskuratu zuen: “Hain sortu zen giro ederra, ezen pentsatu genuen herritarrek inplikazio apur bategaz tankerako gauza polit bat egin genezakeela”. Hala, gildak hautatu dituzte: “Guraso elkartearen ideia ona da, gildak oro har gustuko ditugulako eta, egiteko sinpleak izanik ere, baloratzeko ez baitira hain errazak”. Balorazio kriterio gaitz hori tarteko, parte hartzaile denek ala denek “opariren bat edo beste” jasoko dute, eta amaieran taldean jango dituzte gildak. Hori bai, “originalenak sari berezia jasoko du”.
Herriko pilotalekua ere, urteko jai denetan modura, San Pedro jaietako epizentro naturaletako bat izango da. Izan ere, Lea Ibarreko I. Rural Kutxa Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte domekan. Lea Ibarreko pilotari gazteak izango dira protagonista frontoian, jai giro bultzatzeaz gain, harrobi lana egitea helmuga baitute. Munitibarrek, finalaz harago, finalerdietako bat ere hartu du, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Ispaster eta Mendexagaz batera. 5 eta 18 urte arteko pilotariek jokatu dute txapelketa.
Kuadrillen bereizgarria.
Aurtengo berrikuntza nagusiak, egitarauagaz barik, herritarren janzkeragaz edukiko du zerikusia. Izan ere, estreinakoz, kuadrillen elastiko edo alkondarak egitea proposatu du Jai Batzordeak. “Beste urteetan, herritarrak mozorrotu egin izan dira, baina mozorroen kontua inauterietako espreski gordetzea pentsatu dugu, eta jaietarako lagunarteen elastikoak edo alkondarak egiteko proposamena luzatu dugu. Ideia hori ahoz aho ibili da herrian, eta herritarrek elkarrekin proposamenak partekatu dituzte; badirudi jendea animatuta dagoela aldaketa horretarako”, azaldu dute.
EGITARAUA
Ekainak 27, barikua.
19:00. Pregoia eta txupinazoa, plazako karpan.
Ostean. Kopaua, Ateun-en eskutik.
19:30. Etxebarria Aita Semeak trikitilariak, herriko plazan.
Ekainak 28, zapatua.
12:00. Umeentzako puzgarriak eta jolasak, frontoian.
14:30. Bazkari herrikoia, plazako karpan.
Bazkalostean. Bingo musikatua.
19:30. Poteo muikatua, plazatik hasita.
21:00. Gautegun erromeria, plazako karpan.
00:30. DJ Koet, plazako karpan.
Ekainak 29, domeka, San Pedro eguna.
13:00. Gilda txapelketa herrikoia, plazako karpan.
14:30. Adinekoen bazkaria, Lea tabernan.
17:00. I. Rural Kutxa Txapelketaren finalak.