Ander Okamika, bosgarren Espainiako Txapelketan
Domekan [ekainak 29] Granadan lehiatu zuen Burgos BH taldeko lekeitiarrak, baina zortea ez zuen alde izan.

Ander Okamika sasoiko dagoela berretsi du beste behin. Asteburuan Granadak hartu ditu maila eta errepideko modalitate bietako Espainiako Txapelketak. Lekeitiarrak, hain zuzen ere, elite mailan, bi modalitateetan parte hartu du.
Barikuan [ekainak 27] 18. postuan amaitu zuen erlojupekoa. Zeresan handia eman zuen proba izan da, denbora ofizialekin arazo teknikoak izan zituztelako antolatzaileek. Lekeitiarrarentzat erlojuaren aurkako probarik onena ez bazen ere, 14 kilometroko kronoigoera zelako, postu ona lortu zuen Abel Balderstone irabazlearengandik bi minutu eta hamazortzi segundora.
Domekan [ekainak 29] lehiatu zuten proba nagusia, ia 200 kilometroko ibilbide gorabeheratsua izan zuten aurretik. Gainera, asteburu guztian zehar beroa protagonista izan zen. Lasterketa arina izan zen, nahiko bizkor sortu zen indartsuenen multzoa eta Okamikak bertan sartzea lortu zuen, baita zenbait kilometrotan Txomin Juaristi markina-xemeindarra ere. Bost txirrindulari besterik geratzen ez zirenean, ordea, zulatua izan zuen aurreko gurpilean eta denbora asko galdu zuen aldaketan. Hor ihes egin zuten podiumerako aukerek. Ivan Romeok jantzi zuen urrezko domina 2:51ra heldu zen Burgos BH etxeko txirrindularia eta Juaristi 28. 15 minutura.
Hala ere, lekeitiarra “pozik” agertu da bosgarren postuagaz, “pena puntu bat” duela aitortu duen arren: “Oso sentsazio onak izan ditut, oso indartu sentitzen nintzen, baina 15-20 kilometrora izandako zulatuan denbora asko galdu dut. Horregatuk, dominetatik borrokatzeko aukeratik kanpo geratu naiz. Hala ere, lanean jarraitu dut eta bosgarren postu on bat lortu dudala uste dut. Zulatu barik, egoerarik txarrenean bosgarren amaituko nuke, beraz, apur bat penatuta borrokatzeko aukera barik geratu naizelako”.