Ispasterrek beste behin EHUko udako ikastaro bat hartuko du
Uztailaren 11n eta 12an [barikua eta zapatua] ‘Esklabotza Euskal Herrian eta esklabista euskaldunak’ ikastaroa osatuko dute Iñigo Egiluz aretoan.
Ispasterko Udalak Euskal Herriko Unibertsitateagaz lankidetza mantentzen du eta iaz bezala, aurten ere EHUko udako ikastaroetako bat hartuko du. Hain zuzen ere, uztailaren 11n eta 12an [barikua eta zapatua] ‘Esklabotza Euskal Herrian eta esklabista euskaldunak’ ikastaroa egingo dute herriko Iñigo Egiluz aretoan.
Publiko orokorrari bideratutako ikastaroa da eta zuzendarietako bat Australiar Elkarteko Esther Korta da. “Uda Ikastaro honen helburua da Euskal Herriko esklabotzaren historiari eta memoriari buruz hausnartzea. Horretarako, euskal jatorriko pertsonek eskulan esklaboagaz eta pertsonen trafikoagaz zerikusia izan zuten hainbat esparru aztertu eta ezagutaraziko dira, XVI. mendetik hasi eta XIX. mendean, mendebaldeko herrialdeetan, esklabotza debekatu zen arte”, azaldu dute.
Horretarako ikerkuntzan eta historian adituak diren hainbat hizlarik hartuko dute hitza, “guztiak ere eskarmentu handikoak euskaldunen iraganeko alor ezezagun horretan”. Guztira sei hitzaldi eskainiko dituzte bariku arratsalde eta zapatu goizean. Edozeinek eman dezake izena hurrengo estekan eta 10 euro ordaindu behar dira.
Antolatzaileek nahi dutena da “Euskal Herriaren iragan esklabistari eta horrek gaurko gizartan dituen inplikazioen” inguruan aritu: “Zenbait kasu azterlanen bidez, euskal jatorriko pertsonek esklaboen salerosketan edota eskulan esklaboaren erabileran izandako partaidetza erakusten duten adibideak ezagutzea, batez ere, baina ez soilik, Amerikan”.