Poliomielitisak eragindako pertsonek aitortza eskatu eta eskubide urraketa salatu dute
Egunerokotasunean aurrera egiteko "baliabideak" behar dituztela exijitu dute Poliomielitisa erasandako pertsonek.

Atzera begiratu eta frankismo garaira jo beharko litzateke Poliomielitisaren sustraietara heltzeko. Izan ere, garai hartan, 50eko hamarkadatik aurrera, kasuen kopuruak “gora” egin baitzuten. Nahiz eta txertoak egon, Francok atzeratu egin zuen txertaketa masiboa ezartzea, eta, ondorioz, ondorio “larriak” izan zituzten zenbait ume eta helduk. Poliomielitisak eragindako pertsonek aitortza eskatu eta eskubide urraketa salatu dute, “hemen” daudela esan, eta “existitzen direla” aldarrikatuz.
Karmele Antxustegi ondarrutarra da Poliomielitisa erasandako bat, eta duela hamarkada batzuk jasandako gaixotasunak gaur egun dituen ondorioak azaldu ditu: “Francoren diktadurapean bazekiten birusa hor zegoela, baina beste aldera begiratu zuten frankistek. Gerora, txertoak ematen hasi ziren, baina soilik, beraien artean. Beraz, txertoa jaso ez genuen asko polioaren ondorioekin gelditu ginen. Pertsona bakoitzari modu batera eragin zigun. Beraz, bakoitzak ahal bezala egin genuen aurrera, isiltasunean, eta etxekoen laguntzarekin. Inork ez zigun lagundu”.
Hala, denborarekin ondorioak kronikoak izango zirela esan zioten polioa jasandako pertsonei, baina konturatu ziren, “okerrera” zihoazela: “Ondorioak kronikoak izango zirela jakinda, ahal den bezala, horrekin bizitzen ahalegintzen zara. Baina duela urte batzuk konturatu ginen, denbora igaro ahala, ondorioak okerragoak zirela. Hauek, post-polio sekuelak dira: bizi itxaropena laburragoa, arnasketako arazoak, mugimenduak murritzagoak…”.
Beraz, 2014an EPE -Euskadiko Polio Elkartea- sortu zen, polioak eta polio osteko ondorioak jasotako pertsonak biltzen dituena. Honek, hauen eskubideak defendatzen ditu, eta polioari buruzko sentsibilizazioa ere egiten du. Mario Feijoo ondarrutarra izan zen elkarteko sortzaileetako bat, eta Antxustegik zehaztu duenez, urte askoan ibili da Mario Feijoo polioaren osteko sindromea garatu dutenen eskubideen defentsan. “EPE, Salamancako unibertsitatearekin batera, polioa ikertzen hasi zen, gaixotasuna nondik zetorren jakiteko”. Frankismo garaitik datorren gaixotasuna izanda, Espainiar Estatuko Memoria Demokratikoaren Legean Poliomielitisa jasandako pertsonen aitorpena lortu nahi zuen EPEk: “Frankismo garaiko minak aitortzen dira lege horretan, eta guk babesten dugu hori guztia, geu ere euskal herritarrak izanda, diktadura bizi izan baikenuen. Hala ere, arlo honetan, polioak eragindakoon aitortza ere sartzeko borrokan hasi ginen”. Era horretan, 2022an lortu zuten legeak diktadura frankistan polio birusak jotako pertsonak aitortzea. Horrela jasotzen du Urriaren 19ko 20/2022 Legeak, Memoria Demokratikoari buruzkoak: «XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera Espainia suntsitu zuen pandemian polio birusak erasandako pertsonek jasandako sufrimendua aitortzeko, Gobernuak ikerketak eta azterlanak sustatuko ditu, Francoren diktaduran izurritearen hedapenari dagokionez gertatutakoaren egia argitzeko, bai eta polioak erasandako pertsonen aldeko osasun- eta gizarte-arloko neurriak ere, polioaren eta polioaren osteko ondorio berantiarrak, polioaren bizi-kalitatea ahalbidetzeko, poliotik bizirik atera diren kaltetuen ordezkaritza- erakundeen parte-hartzea kontuan hartuta».
Horrez gain, irailaren 28ko 9/2023 Legeak, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzkoak, aurretiaz aipatutako testua jasotzen du: “Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ikerketa eta azterlan horiek sustatzeko eta osasun eta gizarte neurri horiek hartzeko, Espainiar Estatuko legearen baldintza berberetan”.
Hala ere, legeak onartu arren, “erantzunik ez dagoela” dio Antxustegik: “2023an onartu zen legea Bizkai, Araba eta Gipuzkoa mailan, baina denbora aurrera doa, eta ez dago mugimendurik. Legearen barruan egoteak ez digu ezertarako balio honek ez badauka eraginik. Isilik gelditzen bagara, ez dugu ezer lortuko”. Beraz, alderdi ezberdinekin batu ondoren, EH Bilduk luzatu zien eskua: “EH Bilduko legebiltzarkide batek Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuari idatzi zion, euskal legeak ezarritakoa aplikatzeari buruz galdezka. Ez zitzaigun bere erantzuna gustatu; izan ere, ikusi genuen, ez zeukatela asmorik mugimendu handirik egiteko. Ikerketak egiten hasiko zirela esan ziguten, baina ikerketak eginda daude. Legean barnebiltzen dena nola gauzatu pentsatzen zeudela esan ziguten, baina horrek zer esan nahi du? Guk eskatzen duguna da, legean sartu eta ikerketak eginda dauden honetan, aldaketak egiten hastea. Ez dugu norbanako gisa dirurik eskatzen, baizik eta, egunerokotasuna aurrera eramateko baliabideak dira eskatzen ditugunak. Gure bizitza geroz eta laburragoa izango da; beraz, gutxienez bermatu kalitate minimo bat izatea, ezta?”.
Hala, Poliomielitisak eragindako pertsonek bi mezu “argi” bidali nahi diote erakundeei: “Alde batetik, aitortza bat jaso nahi dugu, frankismo garaiko ondorioak jasotzen ari garelako. Beste aldetik, eskubide urraketa salatu nahi dugu, eta honekin batera, gure egunerokotasuna aurrera eramateko baliabideak behar ditugula aldarrikatu”.