24 bikotek parte hartuko dute Ispasterko eskolarteko zesta-punta txapelketan
Eguenean [uztailak 3] hasiko da txapelketa eta hilaren 27an, Ispasterko jaien baitan, jokatu dituzte finalak. Lehen aldiz Volo enpresako pilota sintetikoak erabiliko dituzte.
Ispasterko jaien egitarauaren barruan, Ispasterko eskolarteko zesta-punta txapelketa antolatu dute Lekeitioko Akarregi Pilota Kirol Elkarteak eta Ispasteko Udalak elkarlanean. Ispasterko frontoia uztail osoan zehar ilusioz gainezka dauden pilotari gazteek beteko dute. Eskualdeko eta inguruko pilota eskolek parte hartuko dute, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Durango, Bermeo, Berriatua, Mutriku eta Lekeitioko eskolarteko umeek.
Txapelketa eguenean [uztailak 3] hasiko da eta hilaren 27an jokatuko dituzte finalak. Partidak eguen arratsaldetan (18:00tan) eta zapatu goizetan (11:00etan) jokatuko dituzte. Horrez gain, Volo enpresako pilota sintetikoak erabiliko dituzte txapelketa batean lehen aldiz. Hiru kategoriako umeek parte hartuko dute, guztira 24 bikotek: kimu maila eta alebin A eta B maila. Hain zuzen ere, maila bakoitzean A eta B multzoak osatu dituzte eta bakoitzeko lehen sailkatuek lortuko dute finalerako txartela. Partida guztiak 25 tantora jokatuko dituzte.
Antolakuntzatik, Ispasterko Udalari eskerrak eman nahi izan diote txapelketa antolatzeko orduan erakutsi duen “prestutasun eta laguntzagatik”: “Urte askoren ostean, zesta-puntako eskolarteko txapelketa antolatzea lortu da Ispasterren, eta Ispasterko herritar guztiak animatzen ditugu frontoira hurbildu eta gure pilotari gazteak babestera, non Ispaster herriko pilotariak ere lehian arituko diren”.