Erraldoientzat euskarriak ezinbestekoak direlako
Berriatuko Erraldoien Konpartsak Lami eta Maruren liburua argitaratu du. Duela urtebete San Gregorio jaietan kalera atera eta gero, San Pedro jaietako Umeen Egunean aurkeztu dute liburua. Maribel Aiertzak idatzi du eta Irrimarrako Karmele Gorroñok egin ditu ilustrazioak. Udaletxean dago salgai.

Erraldoiak erraldoiak izateagatik bakarrik erraz ikus daitezke. Baina, orain, bestelako euskarrietan ere ikusi daitezke Berriatuan. Hain zuzen ere, euskarri sendoa behar dutelako erraldoiek bizirauteko. Lami eta Maru tamaina handian eta txikian daude orain, liburu formatuan. Berriatuko Erraldoien Konpartsak Lami eta Maruren liburua aurkeztu zuten joan den barikuan.
Erraldoien beraien sortze prozesuan abiatu zen euskarriren batean gordetzeko ideia. Gaur egungo digitalizazio mugimendutik atera nahi izan zuten, hau da, bideoak, argazkiak eta sare sozialak alde batera utzi, eta zerbait fisikoa sortu. Esku artean umeek izan dezaketen zerbait: liburua. “Alde horretatik, egia da gizartea bestelako tendentzia batzuetan mugitzen dela, baina garrantzitsua ikusten genuen herriko txikienek ukitu zezaketen zerbait sortzea”. Gaur egungo berehalakotasunetik aldendu, eta iraun zezakeen zerbait nahi zuten, batez ere haur eta familiei zuzendutakoa: “Azken batean, galtzen ari den irakurzaletasuna bultzatzeko modu bat ere badela iruditzen zaigu”. Transmisioa da errepikatzen duten hitza, eta horretarako euskarri fisikoa “ezinbestekoa eta egokiena” dela iruditzen zaie.
Erraldoien sorreran bakarrik ez, Berriatuko Erraldoien Konpartsan ere, herriko kolektibo desberdinek parte hartzen dute. Horietako bat da Goikolau Kultur Elkartea. Hain zuzen ere, herriko ondarearen eta historiaren inguruan daukaten jakinduria baliatu nahi izan zuten Lami eta Maru sortzeko: “Berriatuko antzinako kondairen inguruko azterketa bat egin zuten, nondik tiratu jakin ahal izateko, eta euskarri bat eman ziguten”.
Maribel Aiertza idazleak berak ere erraldoien sormen prozesuan parte hartu zuen, eta Berriatuko bizilaguna izanik, berari proposatu zioten liburua idaztea: “Zirriborro desberdinak garatu zituen. Bere denbora eraman zuen sormen prozesuak, eta azkenean, publikoki argitaratzea erabaki genuen”. Haurrengan pentsatuz, dena testua izan ez zedin, marrazki asko sartu dituzte liburuan. Irrimarra enpresako Karmele Gorroño ilustratzaileak egin ditu ilustrazioak.
Erraldoien konpartsatik hasieratik argi izan dute komunitate kontzeptuaren bidez lan egin nahi zutela, “herritik eta herriarentzat”. Bide eta formula bera erabili nahi izan dute orain ere. Erraldoien sorreran, Goikolau Kultur Elkarteaz gain, herriko beste hainbat eragilek ere parte hartu dute, jostun edo dantza taldeak, besteak beste. “Hasieratik argi izan dugu ez genuela guraso batzuen proiektu bat izatea nahi, herri edo komunitate oso batena baizik”, azpimarratu dute.
Liburua bera ere herrikoia izatea bilatu nahi izan dute, garrantzia eman nahi izan diote: “Adibidez, herriko umeek identifikatzen dituzten Berriatuko tokietan kokatu ditugu istorioak, haurrek identifikatu ahal izateko. Maria Goikolauren lepokoa agertzen da, Mau zuloko bizilagunak ere bertan daude edota herriko erreketan zeuden lamiak, besteak beste”. Aiertza idazleak ere bide beretik jo du, eta herriko kokalekuen azterketa egin du testua idatzi aurretik. Maru eta Lamien historiaz gain, bestelako herriko istorioak bilatu nahi izan dituzte.
Egun aproposa
Barikuko aurkezpenean 50 pertsona inguru elkartu ziren. Eguna ere ezin aproposagoa aukeratu zuten, Berriatuko San Pedro jaietako Umeen Eguna baitzen barikukoa. Ez zegoen haurrentzako eguna amaitzeko modu hoberik. Protokoloak alde batera utzi, eta “irakurketa aktibo” bat bilatu zuten. Horretarako, Berriatuko Erraldoien Konpartsako ume eta kideetako batzuek liburuaren pasarteak irakurri zituzten. Horrez gain, Lami eta Maruren sormen prozesuko argazki erakusketa jarri zuten, herritarrek egindako bidea irudiz ikusi ahal izateko.
Zelan ez, liburuak eraman zituzten, eta salgai jarri. Erosi ezin izan zutenek, oraindik aukera dute, udaletxean baitaude salgai nahi dutenentzat. Dagoeneko irakurri dutenen aldetik, harrera “oso ona” izan duela nabarmendu dute. “Liburuaren ideia bakarrik ez, edukia eta formatua ere gustuko izan dute herritarrek, eta, orokorrean, orain arte, balorazioa oso ona izan da. Haurrek ere begi onez ikusi zuten marrazki asko dituelako, eta asko gustatu zitzaien”.
Lehenengo urtebete “emankorraren” ostean, Berriatuko Erraldoien Konpartsaren helburu nagusia taldea egonkortzea da. Hau da, haiek ere euskarri fisiko hori bermatu nahi dute. Erraldoiak modan badaude ere, beste herri askotan ere sortu dituztelako, haiengan jartzen dute arreta: “Talde irekia gara, eta nahi duenak ahal duenean lagundu dezake, entseguetara etorriz. Besoak zabalik ditugu edozeinentzat”. Horrez gain, dantzetan ere pixkanaka aurrerapausoak eman nahi dituzte, eta orain arteko bidea herrian bertan osatu badute ere, uda osterako beste herri batzuetara joateko intentzioa dute.