60. urteurrenari modu "borobilean" eman dio amaiera Gure Ametsa Dantza Taldeak
Zapatuan eskaini zuten ikasturte amaierako emanaldiarekin eman diote amaiera 60. urteurrenari Gure Ametsa Dantza Taldeko kideak.

Mutrikuko Gure Ametsa Dantza Taldeak zapatuko emanaldiarekin eman zion amaiera 60. urteurrenari. Dantza taldetik emanaldiaren balorazio “positiboa” egin dute: “Oso ondo joan zen. Plaza bete genuen eta herritarren erantzuna oso ona izan zen”.
Dantzariek ere “asko gozatu” zutela azpimarratu dute: “Hainbeste lan ordu, entsegu eta bilera egin ondoren, oso pozik gelditu gara”. Dantza taldetik eskerrak eman nahi izan dizkie urteurrenaren parte izan diren guztiei: “Esker hitzak besterik ez ditugu, bai herritarrentzat eta baita gurekin parte hartu duten musikari, jostun, argazkilari zein ile apaintzaileentzat. Haiek gabe ez zen posible izango zapatuko eguna aurrera ateratzea”.