Etxebarriko Santiago jaietako paella bazkari herrikoirako izen ematea zabaldu dute
Uztailaren 18ra arte eman ahalko da izena, udal bulegoetan. Play-back saiorako, jubilatuen bazkarirako eta Gazte Chef lehiaketarako izen emateak ere zabaldu dituzte, eta denak egun berean amaituko dira.
Hogei egun baino gutxiago falta dira Santiago jaietarako, eta etxebarritarrak hasi dira jaietako ekintzekin martxan. Izena eman beharko da zenbait lehiaketatan parte hartzeko, eta zabalik dago jada horietarako epea; paella bazkari herrikoia, jubilatuen bazkaria, Gazte Chef lehiaketa eta play-back saiorako eman behar da izena, denetan ere, uztailaren 18a baino lehen, udal bulegoetan (09:00etatik 14:00etara bitartean).
Paella bazkariari dagokionez, uztailaren 26an izango da; euro bat ordaindu beharko da pertsonako (txartelarekin ordaindu behar da), eta platerak eta edalontziak udalak ipiniko ditu. Egun berean izango da play-back saioa ere, 17:00etan. Hala, hiru sari banatuko dituzte: lehenengoek 200 euro eskuratuko dituzte, bigarrenek, 150 euro, eta hirugarrenek, 100 euro.
Uztailaren 27an izango da, ostera, jubilatuen bazkaria. Jubilatuen elkarteko kideek zehaztu dutenez, elkarteko kide izan ez arren bazkarira joateko aukera dago: “Elkartekoak izan ez arren, guztiok zaudete gonbidatuta. Tokia erreserbatzeko deitu udaletxera: 94-616 64 32″.
Azkenik, uztailaren 28an egingo dute VII. Gazte Chef Lehiaketa, 12:00etan. 10-17 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa izango da, eta talde bakoitzean nagusi batek egon beharko du arduradun moduan. Patata tortila prestatu beharko dute, eta gehienez lau pertsonako taldeak izango dira. Zehaztu dutenez, zaporea, aurkezpena eta patata tortilla “tradiziozko erara” prestatzea baloratuko dute. Era berean, gogorarazi dute taldetik kanpoko norbait sukaldatzera sartzeagatik puntu bat kenduko dutela.