Ezustekorik gabeko hasiera
Eusko Label Ligako lehenengo bi jardunaldietan nagusitu da 'San Nikolasa'. Lekitarrak seigarren postua lortu zuen denboraldiko lehen estropadan; Ondarroa hamargarrena izan zen.

Martxan da berriro ere Eusko Label Liga, aurreikuspen guztiak beteta. Denboraldiaurreko hiru txapelketetan egin bezala, Bilboko zein Sestaoko uretan ere bere nagusitasuna erakutsi du Oriok asteburuan. Zapatuko [uztailak 5] erlojupekoan seigarrena izan zen Lekittarra eta hamargarrena, berriz, Ondarroa.
Iker Zabalak zuzendutako taldeak, liga hasieran behintzat, aurkaririk ez duela erakutsi zuen zapatuan [uztailak 5], Bilboko itsasadarrean. Lehenengo ziabogara iristerako hiru segundoko aldea zuen Donostiarrarekiko, sei segundokoa bermeotarrekiko eta zazpikoa, Zierbenarekiko. Donostiarrak eta Galipoak baina, bigarren postuarekiko lehia estuan sartu ziren, Bou Bizkaia atzean uztea lortuta. Hala, Oriok 19.43,58ko denboragaz bereganatu zuen XVI. Bilboko Bandera; Zierbanak eta Donostiarrak lau eta zortzi segundo galdu zituzten, hurrenez hurren.
Bermeoko eskifaia, berriz, estropadak aurrera egin ahala, indarra galduz joan zen, podiuma itxi zuten denboretatik urrun bukatuz: 20.05,30 behar izan zituen lau luzeak egiteko eta laugarren sailkatu zen. Lekittarra seigarrena izan zen, Oriorekiko 43 segungoko aldeagaz (20.27,16); Ondarroak, berriz, 10. postuan bukatu zuen lehen jardunaldia, ia minutu bateko atzerapenagaz (20.41,32).
Euskotren ligako lehen jardunaldiari dagokionez, ezustekoa ematetik oso hurbil geratu zen Orio, eta gogotik lan egitera behartu zituen faborito handiak ziren Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariak: estropada 86 ehuneneko aldeagaz bukatu zuten, donostiarren alde. Zumaia sailkatu zen hirugarren, bigarren txandako denbora onena eginda. Azken arraunkadara arte borrokatu behar izan zuten Arraun Lagunakekoek atzo ere, izan ere, 46 ehuneneko aldeagaz (10.48,54) bereganatu zuten atzoko bandera. Orio izan zen bigarrena (10.49,00) eta Tolosaldeak osatu zuen podiuma, 7 segundo eta 82 ehuneneko atzerapenagaz.
Aurrerapausoa. Bitik bi Oriorentzat eta Arraun Lagunakentzat. Bi taldeak nagusi izan ziren atzoko [uztailak 6] Sestaoko banderan ere.
Gizonezkoen bigarren jardunaldian baina, Galipoek aurrerapausoa eman zuten, San Nikolas eskifaia dena ematera behartuta. Hala, estropadaren bigarren erdian, bere nagusitasuna azaleratu eta 20.24,02ko marka ezarri zuen Oriok. Bermeo-Urdaibairentzat zapatukoa baino egun hobea izan zen atzokoa; izan ere, aurreko egunean 21 segundo galtzetik, atzo bigarren postuagatik lehiatzera igaro ziren. Bermeotarrena izan zen eskifaiarik azkarrena estropadaren bigarren erdian, eta atzetik aurrerako lana eginda, hirugarren postuan bukatu zuten estropada, 20.30,48ko denboragaz. Zirbena bigarrenak segundo bat azkarrago amaitu zituen lanak.
Lekittarrak, ostera, azkenengo postuan bukatu zuen Sestaoko estropada. Osertz Aldaik zuzendutako taldea bigarren txandan uretaratu zen, eta lehenengo kaletik, ezin izan zuen Hondarribia, Ares eta Getariak ezarritako erritmoa jarraitu. Kale zozketan zorte gehiago izan zuen Ondarroak eta lehen txandako marka onena ezarrita, zazpigarren postuan amaitu zuen jardunaldia.