"Oso giro ona" egon da Iturretako San Kristobal jaietan
Jaiaren balorazio "oso-oso ona" egin dute antolatzaileek.

Markina-Xemeingo Iturreta auzoan, ohiturari eutsiz, San Kristobal jaiak ospatu zituzten atzo [uztailak 6]. Goiz guztiko egitaraua prestatu zuten auzotarrek, eta jai giro ederrean bildu ziren: “Auzo txikia da gurea, eta saiatzen gara bizirik mantentzen. Aurtengoaren balorazio oso-oso ona egin dugu; oso giro ona egon da”. Egunagaz hasteko, Ahaztuen Oroimenak antolatuta Baldaburuko bunkerrak bisitatu zituzten: “60 lagun inguru elkartu ginen eta oso ondo joan zen. Hasieran Aintzane Gandiagak eman zizkigun azalpenak auzoari eta ermitaren historiari buruz, eta ostean, ibilbidea egin genuen”.
Ibilaldiaren ondoren, umeentzako puzgarriak nahiz herri kirol zaleentzat gizon probak eta emakumeen proben erakustaldia egon ziren; gizonen proba Jon Gisasolak irabazi zuen bi untze zazpi minutu eta hiru segundotan eginda, eta emakumeena, aldiz, Ainize Perezek, 07:51ko marka eginda. Ostean txinda eta abarketa botatzen aritu ziren, bikote mixtoan, eta Igorrek eta Anek irabazi zuten. Txapel jaurtiketa ere egin zuten 40 ume inguruk, eta Peio Etxebarrieta izan zen irabazlea. Bazkariagaz eta errifen zozketagaz eman zieten amaiera egunari.



















Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.