Jai gogoz zeuden herritarrak, eta horren adierazgarri izan dira aurtengo San Martin jaiak Amoroton. Jai batzordeko kideek jaien balorazio “oso ona” egin dute: “Ez da egon istilurik ezta borrokarik ere, eta puntu morean ez dugu jaso salaketarik”. Kontzertuak ere “oso ondo” joan direla adierazi dute: “Pila bat gustatu ziren kontzertuak. Kaparrakekin, esaterako, plaza goraino bete zen, eta giro ona ipini zuten”.
Atzo [uztailak 6] Mus eta Briska txapelketekin amaitu zituzten jaiak, eta musean Mikelek eta Patrik irabazi zuten.
Zapatua [uztailak 5] izan zen, zalantzarik barik, egun garrantzitsuetako bat. Herritarren Eguna ospatu zuten, eta paella lehiaketa plazatik frontoira lekualdatuta, 250 lagun aritu ziren paellak prestatzen. Kuadrila irabazlea, ostera, bakarra izan zen: Basurdak. Bigarren geratu ziren Jokoz Kanpo kuadrilakoak, eta hirugarren, LorriƱek kuadrilako kideak. Iluntzetik aurrera aldiz, jende ugari elkartu zen Amoroton, hainbat kontzertutaz gozatzeko.
[HERRITARREN EGUNEKO ARGAZKI GALERIA]
Barikuan [uztailak 4] ere musikak tokia izan zuen arren, bestelako ekintzak ez ziren falta izan. Esaterako, eguerdian urteroko Arta Nagusi dantza taldearen emanaldia egon zen, eta arratsaldean, ostera, krono igoera egin zuten; Izaskun Abaroak eta Bingen Zatikak irabazi zuten. 18 urtez azpikoetan, ostera, Ekain Larrondo izan zen irabazlea.
Jubilatuek eta umeek ere eduki zuten euren eguna, eta eguena [uztailak 3] izan zen hura. Hala, nagusien bazkaria nahiz umeentzako jolasak egon ziren egun guztian zehar: “Umeak gelditu gabe ibili ziren, eta oso gustura. Osteko erromerian ere oso ondo pasatu zuten. Jubilatuen bazkaria ere ondo joan zen”.
Jaiak eguazten [uztailak 2] iluntzean Txan Txun Txunen igoeragaz hasita eta bost eguneko egitarauaren ostean, agurtu dituzte aurtengo San Martin jaiak amorotarrek.
