Txalo zaparrada artean heldu dira ondarroara Andrak Erramutan Talde Feministako kideak
Barikuan [uztailak 4] Ondarroako portutik atera eta Bilbora arteko ibilbidea egin zuten Andrak Erramutan Taldeko kideek. Atzo [uztailak 6] heldu ziren Ondarroara, eta "pozik" daude egindako lanagaz.

Atzo [uztailak 6] heldu ziren Ondarroara Andrak Erramutan Talde Feministako kideak, eta herritarrek, txalo zaparra eta irrintzi artean eman zieten ongi etorria. Taldeko kideek bigarren erronka feministaren balorazio positiboa egin dute: “Oraindik ez dugu taldeko balorazio orokorra egin, baina nahiz eta aurtengo erronka iazkoa baino gogorragoa izan den, oso ondo joan da”.Â
20:00etan heldu ziren Itsasaurrera atzo Andrak Erramutan taldeko kideak, Ondarroako Kalatraba eta Hondartzako Zubiaren artean ziaboga hartu, lokalean bi traineruak utzi, eta txistulariekin batera sartu ziren plazara. Gainera, Euskal Herriko Galiziar asteburua ere bazenez, bertan batu zen herri guztia: “Eskertza bat bezala hartu genuen atzoko harrera. Ez erronka egin dugun emakumeoi soilik, baita, lan talde guztiari ere. Ez da erraza logistikoki eta azpiegitura aldetik horrelako erronka bat aurrera eramatea, eta nahiz eta 30 emakume aritu garen arraunean, 60 lagun inguruk osatu dugu lan taldea. Sekulako laguntza izan dugu”.Â
Behin Ondarroara helduta, herritar ezberdinek hartu zuten hitza; besteak beste, Ana Urkizak: “Lehenengo erronka egin genuenean oso testu polita idatzi zuen Ana Urkizak, eta orduan, aurten, gonbidatu egin dugu, testua denon aurrean irakurtzeko”. Ondoren, Itsasoa gurea ere badelako! manifestua irakurri zuten taldeko kideek, hiru egunetan egindakoa kontatu, eta aldarrikapenak erdigunera eramanez: “Ondarroan, feminismoak erakutsi digun bezala, gure aurretik egon diren emakumeak egindako lana aitortu nahi dugu. Lan gogorra, eta gaur egun arte ezkutuan egon dena; aitortu gabea. Emakumeok beti ibili gara itsasoari lotutako lanetan, gu ere itsasokoak gara eta”.Â
Hala, itsasoa hartzen jarraituko dutela azpimarratu duten: “Itsasoa hartzen jarraituko dugu, gure eskubideak aldarrikatzen, arrauna modu inklusiboan ulertzen eta herri nortasunaren irudia eraldatzen. Hau guztia berdintasunetik, feminismotik, errespetutik, umoretik, eta ondo pasatzetik egingo dugu!”.Â
Aurtengo erronka iazkoa baino “gogorragoa” izan den arren, “gozatu” dutela azpimarratu dute taldeko kideek. Orain, indarrak batu, eta bizitako guztiari “lekua egiteko” ordua dela adierazi dute: “Etapa batzuk besteak baino gogorragoak izan dira, baina hala ere, oso ibilbide polita izan da. Itsasoa ez da oso bare egon, eta horrek, oraindik gogorragoa egin du erronka. Baina Bermeotik Lekeitiorantz, adibidez, oso itsaso politarekin aurkitu ginen eta oso ondo pasatu genuen bidean. Kantu kantari joan ginen, txiste batzuk tarteko. Ardura eta konpromiso handia eskatzen duen erronka da, eta orain, giharrak lasaitu, eta bakoitzaren emozioei lekua egiteko momentua da. Hori bai, argi daukagu gure lekua aldarrikatzen jarraituko dugula, itsasoan edo lehorrean: adineko emakumeok elkarrekin saretzen eta harremantzen jarraitu behar dugu!”.Â


















































































































































































