Txapel bakarrerako buru egoki bi
Datorren domekan [uztailak 13] lehiatuko dute Markina-Xemeingo Grand Slamaren final handia. Eñaut Urreistik eta Thibault Basquek Alex Goitiaren eta Imanol Lopezen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Goi mailako finalak edukiko ditu datorren domekako [uztailak 13] Markina-Xemeingo Grand Slamak, eta finalistak gogotik izerdituta baina merezimendu osoz ailegatuko dira azken txanpara. Batetik, beherik gorako bidea egin duen bikotea dago, Alex Goitia etxeko puntista gazteak eta Imanol Lopez zumaiar beteranoak osatua; bestetik, eustearen eustez finalerainoko bidea maisuku egin duen bikotea, Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Thibault Basque bidartarrak eratua.
18:00retan ekingo diote txapelketaren azkenengo jardunaldiari, eta, finala orduko, ordubete inguruko iraupena izango duen emakumezkoen kiniela jokatuko dute; lau bikote ariko dira zein baino zein gehiago. Jarraian, gizonezkoen finalaren txanda izango da. Partidu orekatua aurreikusita dago, borrokatua eta estua. Bikote biek indargune agerikoak dituzte, baina bietako bat ere ez da argiki foaboritoago izango. Goitia hazi besterik ez da egin, lehiari ekin zionetik; une gakoetan asmatu du lasai jokatzen eta erabakigarria izaten. Lopezek ere goranzko dinamikarekin helduko dio finalari; bere eskarmentua frogatu baino ez du egin Gernika-Lumoko Nazioen Liga amaitu zenez geroztik. Gainera, giltzarri izan da lehiaketa osoan, aurrelari markina-xemeindarra babesterakoan.

Argazkia: Jai Alai News.
Aurrez aurre izango dituztenak, baina, ez dira makalak izango: hala Urreistik, nola Basquek finala poltsikoratzeko bezainbesteko maila plazaratu dute. Bikote nahikoa gaztea osatzen dute, baina arrakala gutxikoa eta fidagarritasun handikoa. Urreistik azken txapelketetan frogatu du beteranoenei ez diela inongo enbidiarik; horrexegatik dago Jai Alai Ligaren goi postuen lehian murgilduta. Basque, bere aldetik. aurkarien akatsak sorrarazteko abilezia aparta kantxaratu du: eutsi, eutsi eta eutsi egin du, sendotasunez, akatsetarako tarterik gabe. Horrelaxe lortu zuten, hain zuzen, finalaurrekoetan gailentzea.
Finalerdi bietan, hain zuzen, berdinketa hausteak erabaki zituen partiduak. Goitiak eta Lopezek hautagaiak, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra, eduki zituzten aurrez aurre. Arerioei kostatu zitzaien partiduan sartzea, baina, tantoz tanto, Erkiaga bere benetako maila aurkitzen joan zen, hamaikako berdinketara iritsi arte; ez zen nahikoa izan marroien segurtasunaren aurrean, eta azkenik Goitiak eta Lopezek 15 eta 12 biribildu zuten lehen seta. Bigarrenean, Erkiagak eta Ibarluzeak materialez aldatu zuten, eta partidua, pilota motelagoarekin, are gehiago gogortu zen. Tanto gogorrek eta piloteo fase luzeek markagailua launa, bosna, zortzina eta hamarna berdintzera eroan zuten. Goitiak hamarreko kartoian akatsa egin zuen, eta aurkariek asmatu zuten beren estretegiarekin: 13 eta 15ekoa, Erkiagaren eta Ibarluzearen alde. Hirugarren setean, Ibarluzeak eskumaz jokaldi ederra egin zuen, baina Goitiak eta Lopezek nagusitasunez dominatu zuten azken seta, 5 eta 2, finalerako txartela patrikaratuz.

Argazkia: Jai Alai News.
Ikuskizun handia.
Beste finalerdian, Urreistik eta Basquek lanak eduki zituzten Johan Sorozabal miarriztar gaztearen eta Jon Bullet Zabala etxeko izarraren kontra. Sorozabalen pilotakadak balak izan ziren kantxan, eta asmatu zuen min egiten: zeharka, horma bitara nahiz errebotez erramatatu zituen jokaldiak. Zabalaren bi hormako batek atsedenaldia eskatzera eroan zituen arerioak; artean, Urreistik ez zuen bere burua kantxan topatzen. Markina-xemeindarra arduratu zen, hain zuzen, lehen seta 12 eta 15 poltsikoratzeaz.
Bigarrenean, mutrikuarrak eta bidartarrak egundoko erresilientzia erakutsi zuten. Aurkarien joa eutsi baino ez zuten egin, besteen akatsak itxaron asmoz. Pixkanaka-pixkanaka, makina olioztatzen hasi zen, eta Urreistik eta Basquek partidua hasi orduko zegokien hautagai postua berreskuratu ahal izan zuten. Mutrikuarrak partiduko tantorik distiratsuenak egin zituen; bidartarrak, atzealdeko koadroak dominatu. Hala, 15 eta 13 irabazi zuten seta. Azken borrokaren hasieran, bazirudien gipuzkoarrak eta lapurtarrak garaipen erosoa lortuko zutela, baina Sorozabalek distantziak apaldu zituen: 4 eta 1ekotik 4 eta 3kora. Edozelan ere, ez zen nahikoa izan, eta Urreistik, sakera ausart sartuz eta dejada doi-doi eginez, finalerako sailkapena lortu zuen.
Finala ez ezik, antolatzaileek aurreratu dute hilaren 16an, Karmen egunean, lehiaketa ofizialaz haragoko “ikuskizun berezia” antolatuko dutela Markina-Xemeinen, herriko jaietan bete-betean murgilduta.