Uztailaren 23ra arte aurkeztu daitezke Etxebarriko Film Laburren X. Lehiaketako lanak
Gaur [uztailak 7] zabaldu dute lanak entregatzeko epea. Aurten kolore gorria, baserria eta lurra izan beharko dira filmetan agertu beharreko hiru elementuak.

Zenbaki borobilagaz dator aurtengo Etxebarriko Film Laburren Lehiaketa. Hamargarren aldia izango da aurtengoa, eta gaur [uztailak 7] zabaldu dute lanak aurkezteko epea. Hala ere, uztailaren 23ra arte egongo da horretarako tartea.
Urtero bezala, aurtengoan ere hiru elementu agertu beharko dira filmean, eta aurtengoak honakoak dira: kolore gorria, baserria eta lurra. Filmek euskaraz izan beharko dute, eta gutxienez hiru minutu eta gehienez hamar eduki beharko dituzte. USB memoria batean entregatu beharko dira lanak udal bulegoetan, eta 1920 x 1080 (Full HD) formatuan egon beharko dute. Gogorarazi dute originaltasuna, barregarritasuna eta egokitasun teknikoa baloratuko dituztela.