Emakumeen udako eskuz binakako txapelketa Ondarroan hasiko da
Eguenean [uztailak 10] jokatuko dute partidua Ondarroako herriko frontoian; Aldai eta Bergara Arrizabalaga eta Zabalaren aurka ariko dira.
Emakumeen udako eskuz binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa Ondarroan hasiko dute eguenean [uztailak 10], 19:00etan. Urteroko udako txapelketa da honakoa, eta bertan Euskal Herriko pilotariek parte hartuko dute.
Txapelketaren lehenengo kanporaketan, Aldai eta Bergara Arrizabalaga eta Zabalaren aurka arituko dira. Antolatzaileek partida «gogorra» izango dela azpimarratu dute: «Herriko frontoia ez da frontoi arina; beraz, partidak beti izaten dira gogorragoak edota luzeagoak. Frontoiaren zorua nolakoa den kontuan hartuta, uste dugu partida gogorra izango dela». Aurretik, pilotari gazteek beteko dute frontoia; Naia Zelaia eta Onintza Galdosek Eider Perez eta Garazi Nisaren kontra jokatuko dute.
Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak antolatu du jardunaldia. Sarrera doakoa izango da, eta frontoira hurbiltzeko deia egin dute: «Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu partidak ikustera. Oso pozgarria izango litzateke harmaila emakumez beteta ikustea».
Uda jardunaldien ondoren, irailaren 28an Bermeoko Artza Pilotalekuan jokatuko dituzte finalak.