"Milaka ikusle" elkartu dira Lekeition kale arteetaz gozatzeko
Hiru eguneko jardunaren ostean, eta hamahiru konpainiaren proposamenetaz gozatuta, amaitu da Kalekaren 35. aldia. Proposamenek "harrera beroa" jaso dute.

Urteroko legez, hiru egunez kale arteek hartu dituzte Lekeitioko bazter guztiak. Kalekaren 35. aldiak “diziplina anitzeko arte eszenikoak” ekarri ditu herrira, eta “milaka ikusle” bildu dira Euskal Herriko naiz nazioarteko hamahiru konpainiaren proposamenak ikusteko asmoz. Antolatzaileek dierazi dutenez, proposamenek “harrera beroa” jaso dute.
Hamahiru ikuskizunetatik hamar izan dira Kaleka Programa Ofizialaren parte, eta hiru, ostera, Kaleka Scratch sailaren parte; azken horretan sorkuntza prozesuan dauden lanak ikusi eta ekarpenak egiteko aukera eduki dute ikusleek. Hala, “formatu parte hartzaileak, zirkua, dantza, antzerkia eta performance poetikoa” elkartu ditu aurtengo aldiak, “programazio anitz eta ausart” baten bitartez.
Aurtengo berritasunetako bat Kalekari saila izan da, ikuslegoari zuzendutako “eremu berezia” indartzeko asmoz. Hala, “ikuslearen figuraren inguruko gogoeta proposatu” du sail berriak, partaideei “protagonismoa” emanez. Horren harira egin dituzte ikusle tailerra eta artistekin topaketak: “Nor da ikuslea eta nor artista? Zer gertatzen da begiratzen duenaren eta begiratuaren artean? Hain handia al da bien arteko ezberdintasuna? Galdera horiek ardatz hartuta, parte hartzaileek rolak iraultzeko eta esperimentatzeko aukera izan dute, ikusle izateari buruzko jolas kolektibo batean”. Artistekin egindako topaketei dagokienez, ostera, jaialdiko konpainiekin eta sortzaileekin “harremana estutzeko aukera paregabea” izan direla adierazi dute: “Saio labur eta gertuko hauetan, artistek beren lanen atzean dauden ideiak, prozesuak eta bizipenak partekatu dituzte”.

Denetariko ikuskizunak eskaini dituzte konpainiek.Gorka Bravo / Kaleka
Programa ofizialeko konpainiei dagokienez, “nazioarteko begiradak eta tokiko proposamenak” batu dituela adierazi dute. Tokiko sortzaileei dagokienez, Komorebi Produkzioak taldeak Argilunak lana aurkeztu zuen, “doluaren dualtasuna” jorratu eta dantza garikidea eta ikus-entzunezko elementuak uztartuz. ATX Teatroak, ostera, Marmarra antzezlan “basati eta poetikoa” aurkeztu zuen, “gizartearen beldurrak eta kaosa” ardatz hartuta. Azkenik, Goitibera Antzerki Konpainiak Eraitsi S.L. lana aurkeztu zuen: “Ikus-entzuleak parte hartzera gonbidatu ditu, plaza bat botatzeko agindua duen enpresa baten bisita satirikoaren bitartez”.
Bestelako proposamenak ere aurkeztu dituzte talde euskaldunek. Enbatak, esaterako, Enbata Urraska lana aurkeztu zuen, lanaren eta gizartearen inguruko gaiak satiraren bitartez jorratuz. Era berean, Mama Crea konpainia bilbotarrak Desiderata pieza aurkeztu zuen, “liburuaren eta irakurketaren garrantzia” azpimarratuz.
Gainontzeko konpainiei dagokienez, Mimeoost konpainia holandarrak, Barosolo eta Papito talde frantziarrak, Soon Company talde kataluniar eta suediarrak eta Cia Jimena Cavalleti konpainia valentziarrak bete dituzte Lekeitioko kaleak.

Denetariko ikuskizunak eskaini dituzte konpainiek.Gorka Bravo / Kaleka
Scratch sailean, aldiz, Euskal Herriko Hembrax Kolektiboak Azazkaletan geratzen dena lana aurkeztu zuen: “Barneko animalia askatzearen plazera eta zikintze errituala ospatzen dituen pieza indartsua da”. La Pez Konpainiak, ostera, Plaza lana aurkeztu zuen, “amamen memorian oinarritutako pieza poetiko eta intimoa” eskainiz. Azkenik, Niñas Malditas konpainia madrildarrak, De Cerca lana aurkeztu zuen.
Kalekaz Blai. Amaitu berri den Kalekagaz batera, ekainean zehar egitasmo ugari antolatu dituzte Kalekaz Blai izenagaz: “Hainbat jarduera antolatudira, tokiko kolektiboekin elkarlanean, ekainaren 7tik 27ra bitartean arte eszenikoek herriko eguneroko espazioetan presentzia hartu zuten, sorkuntza eta parte hartzea ardatz hartuta”. Hala, alde batetik, Arropaineko Arraguan inprobisazio erakustaldia, beste aldetik Anna Irina Rusellekin sorkuntza tailerrak egin ziren eta azkenik, Espazioa marrazzzzzzzztu tailerra egin dituzte, denak ere, tokiko eragileekin elkarlanean: “Arragua, Horman Poster eta Lekeitioko Udalekuak bezalako kolektiboekin elkarlanean garatu dira, eta komunitatearen parte hartzea lehenetsi dute artearen bidezko elkargune gisa”.
Hala, komunitatea eta artea uztartu ditu aurtengo Kalekak: “Ez da jaialdi hutsa, baizik eta kultur mugimendu bizia, komunitatean sustraitua eta herritarrengana hurbiltzen dena”.




























































































