San Kristobal jaietan izerditzeko prest
San Kristobal jaiak ospatuko dituzte domekan [uztailak 13], Munitibarren. Oizko San Kristobal ermitara egingo dute igoera bertikala izango da jaietako ardatz nagusia.
Ospakizun asteburua daukate ate joka munitibartarrek. Sankristobalen jaien aitzakipean, Oiz mendiaren maldetara joko dute herritarrek, jaiok ospatze aldera. Datorren domekan [uztailak 13], Txopitturri Gurasoen Elkarteak antolatuta, San Kristobal baselizaren inguruan elkartuko dira herritarrak, jan-edanaz nahiz jai giroaz gozatzeko.
Zenbaitek, baina, elastikoa gogotik izerditu beharko dute. Izan ere, ermitara igoera bertikala lehiatuko dute, eta III. Igoera Herrikoien Ligarako proba puntuagarria izango da. Ibilbidea prest dute antolatzaileek, eta ez da inondik inora makala: Maskan edukiko dute irteera gunea mendi korrikalariek, eta 1,1 kilometrotan 225 metro desnibelari aurre egin beharko diote. San Pedro jaietan ekin zioten, Gernika-Lumon, txapelketaren hirugarren ekitaldiari. Gizonezkoen artean, Oriol Cardona kataluniarra izan zen bizkorrena, eta Alluitz De Bilbao kortezubitarra, berriz, emakumezkoen lehian nagusitu zen; lehendabizikoak 11.41eko denboran biribildu zituen lanak, eta bigarrenak 14.42ko denbora sinatu zuen Aixerrota tontorrean.
Maskatik Oizera igotzeko errepidea 11:45ean zarratuko dute
Domekakoa, hortaz, lehiaren bigarren proba izango da. Izen ematea egunean bertan egin beharko da, irteera hartu orduko. Parte hartzaileek Maskako hasiera puntura jo beharko dute, 11:30ean, eta bertan izena eman. Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dute Maskatik Oizerako errepidea zarratu egingo dutela; horrenbestez, baseliza ingurura igo gura duten herritarrak 11:45 bitarteko epea edukiko dute.
Sari banaketa ekitaldia aipatutako eremu horrexetan egingo dute, 13:30ean. Bi kategoria egongo direla aurreratu dute: gizonezkoena eta emakumezkoena. Bien ala bien lehenengo sailkatuek garaileari dagokion txapela eta tokiko produktuz osatutako otzara jasoko dute sari; bigarren eta hirugarren sailkatuek, ordea, tokiko produktuen otzara bana. Lehen hirurak ez dira, baina, sari bakarrak izango: lehen emakumezko nahiz gizonezko munitibartarrak ere podiumera igoko dira; Larruz gaztandegiko gazta bana emango diete sari modura. Oizkoaren ondoren, ligako hirugarren proba puntuagarria Berriatuan egingo dute: Legarmendira Igoera.
Hori orduko, 13:00etan, lasterkariek indarrak berritzeko abagunea edukiko dute, baita gainontzeko herritarrek ere. Urtero modura, jatekoa zein edatekoa ez dira faltako baseliza eremuan. Gainera, Fruiztariak taldea arduratuko da eguerdia girotzeaz. 16:00retan, zozketa egingo dute, eta jarraian herritarrentzako jolasak egingo dituzte.
EGITARAUA
11:30. Oizko Ermitara Igoera Bertikalerako izen ematea.
11:45. Maskatik Oizerako errepidea zarratzea.
13:00. Fruiztariak taldearen emanaldi hasiera.
13:30. Lasterketaren sari banaketa ekitaldia.
16:00. Zozketa.
Jarraian. Jolasak.
Egun osoan zehar. Jan-edana eta musika.