Triatloi herrikoia eta gaztetxoen duatloia egongo dira zapatuan, Ondarroan
11:00etan hasiko da gaztetxoen duatloia Arrigorri hondartzan, eta 16:00etan herri triatloia Itsasaurren. Zapatuan [uztailak 12] eman beharko da izena, ordubete lehenago.
Koaxi Triatloi taldeak antolatuta, Ondarroako triatloi herrikoa eta gaztetxoen duatloia lehiatuko dituzte zapatuan [uztailak 12]. 11:00etan hasiko dute duatloia Arrigorri hondartzan, eta 16:00etan triatloi herrikoiaren txanda izango da.
Probak hasi baino ordubete lehenago izena eman beharko da.
Herri triatloian, igerian hasiko dira parte hartzaileak, gero, bizikletan jarraituko dute, eta korrika egingo dute amaierako ibilbidea: «Igerian 500 metro inguru izango dira. Normalean, Zubi Zaharretik Itsasaurrera arteko ibilbidea egiten dute parte hartzaileek, baina marearen arabera, momentuan bertan hartuko dugu erabakia. Behin igerian eginda, Itsasaurreko eskaileretatik igo eta bizikletan Mendexako lehenengo bidegurutzera joango dira. Bertan buelta hartu, eta berriro Itsasaurrera jaitsiko dira. Amaitzeko, 2,5 kilometro inguru egingo dute korrika; Zubi Zahar Ikastolara joan eta buelta».
Gaztetxoek Arrigorri hondartzan egingo dute duatloia, lau kategoriatan banatuta: Benjaminak, kimuak, ume mailakoak eta kadeteak. Kategoria bakoitzeko gaztetxoek metro jakin batzuk egin beharko dituzte korrika eta igerian. «Sailkapenik gabeko proba izango da, eta parte hartzaile guztiek lortuko dute oroigarria. Ondoren, janaria egongo da denentzat. Umeek kirol berriak probatzeko aukera ona izaten da».