Txus Cuendek zabalduko du Lekeitioko Udako Arte Erakusketa
Etzi [uztailak 10] hasiko da Udako Arte Erakusketa, Txus Cuenderen 'Eta bizia sortu zen' lanagaz. Ostean, Arantza Kalzakorta, Juan Isasi eta Jose A. Karkamoren lanak egongo dira ikusgai Eskolape aretoan.
Etzi [uzailak 10] hasiko da aurtengo Udako Arte Erakusketa Lekeition. Hainbat proposamen jasota, lau artista bilduko ditu aurtengo aldiak, “diziplina eta istorio ezberdinez beteta”. Urtero bezala, aurtengoan ere Eskolape erakusketa aretoa arte garaikidez beteko da, eta “aniztasuna eta sormenezko ikuspegien aberastasuna” erakutsiko ditu. Gutxienez 18:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik erakusketak; horrez gain, artista bakoitzak erabakiko du noiz zabaldu nahi duen haren erakusketa.
Hala, Txus Cuenderen Eta bizia sortu zen erakusketak zabalduko du aurtengo aldia. Barakaldon jaio eta Munitibarren bizi den artista da Cuende, eta “sorkuntza digitalaren eta errealitate areagotuaren arteko elkargunea” proposatzen du. Hori horrela, zortzi irudiz osatutako erakusketa ipiniko du Eskolape aretoan: “Pertsonaia hibridoak aurkezten ditu, eta teknologia eszenara ekarriz, ikusleak mugikorrean bizitza hartzen duten irudiak ikusiko ditu”. Etzi [uztailak 10] hasi eta uztailaren 20ra arte egongo da ikusgai Cuenderen lana.
Erreleboa Arantza Kalzakorta Elorriaga Arantza Young artista gernikarrak hartuko dio. Itsas loreak izeneko erakusketa ipiniko du ikusgai Kalzakortak: “Euskal emakumea eta itsasoa ditu inspirazio iturri. Bere lanek genero ikuspegia eta ingurune naturala uztartzen dituzte, ikus-entzunezko diziplinatik abiatuta arte bisualak landuz”. Kalzakortaren lana uztailaren 21etik 27ra egongo da ikusgai.
Uztaileko erakusketak atzean utzita, abuztuaren 11n ekingo diete berriro ere Udako Arte Erakusketari. Juan Isasi Urdangarinek abuztuaren 17ra arte Lekeitio, Makro eta Mikro erakusketa ipiniko du ikusgai, Lekeitio inguruko ikuspegiak eskainiz. Argiak, formak eta ñabardurak dira haren lanaren oinarriak, eta hortik abiatuz, “ikusleari egunerokoaren edertasun xumean sakontzeko aukera” emango dio.
Azkenik, aurtengo erakusketa Jose A. Karkamo Kiki artistak itxiko du, abuztuaren 18tik 24ra. Azken urteetan diziplina anitzeko praktika artistikoak garatu ditu Karkamok, eta horren erakusgarri izango da Lekeition ipiniko duen Urte asko eta gero… erakusketa: “Pintura, eszenografia eta ikus-entzunezkoak uztartuz, bere sormenaren adierazpide ezberdinak erakutsiko ditu, ikuslearekin kontakizun pertsonal kolektiboak partekatuz”.
Erakusketak.
- Uztailaren 10etik 20ra. Txus Cuenderen Eta bizia sortu zen erakusketa.
- Uztailaren 21etik 27ra. Arantza Kalzakorta Elorriagaren Itsas loreak erakusketa.
- Abuztuaren 11tik 17ra. Juan Isasi Urdangarinen Lekeitio, Makro eta Mikro erakusketa.
- Abuztuaren 18tik 24ra. Jose A. Karkamoren Urte asko eta gero… erakusketa.