Bertokoa sustatzeko asmoz, hainbat azoka
Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak hiru merkatu egingo ditu uztailean Lekeition; barikuan [uztailak 11] izango da lehenengoa, 18:00etatik aurrera, Independentzia plazan. Abuztuan, aldiz, bi Baserri Azoka egingo dituzte, bata Lekeition eta bestea, Ondarroan.
Bertokoa sustatu eta bultzada emateko asmoz, Lea-Artibaiko Landa Garapen Alkarteak, Lekeitioko Udalaren laguntzagaz, hainbat azoka antolatuko ditu uztailean. Datozen hiru barikuetan, hau da, uztailaren 11n, 18an eta 25ean, egingo dituzte azokak, denak ere, 18:00etatik 21:00etara, Lekeitioko Independentzia Plazan.
Azaldu dutenez, merkatuon helburua “eskualdeko ekoizleen errentagarritasuna hobetu, hurbileko salmenta bultzatu eta merkataritza kateko bitartekariak murriztea” da. Hala, bost postu ipiniko dituzte: Labegur (ogia eta gozoak), TxikiƱena (esnekiak), Baskaran (gaztak), Ostolaza Eztiak eta Daonaz (berakatz beltza).
Baserri Azokak. Uztaileko merkatuez gain, Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak, tokian tokiko udalen laguntzagaz, bi Baserri Azoka egingo ditu abuztuan. Ondarroak abuztuaren 2an hartuko du Baserri Azoka, Itsasaurre Plazan; hamabost ekoizlek parte hartuko dute bertan, eta BBKren hemezortzi postu okupatuko dituzte. Lekeition, ostera, abuztuaren 9an izango da Baserri Azoka, Independentzia Plazan; hemeretzi ekoizle egongo dira, eta BBKren 22 postu okupatuko dituzte. Produktuei dagokienez, ortuariak, frutak, gaztak, esnekiak, ogia, gozoak, haragikiak eta ahatekiak, kontserbak, eztia, edariak nahiz bestelako produktuak egongo dira salgai. Gaineratu dutenez, bai Lekeitioko azokan eta baita Ondarroakoan ere, ekoizleez gain artisatuen postuak ere egongo dira.