Gaztetxetik Kalera ateratzeko helburuarekin udako egitaraua antolatu du Mutrikuko Gazte Asanbladak
Bertso tramarekin eta pala txapelketarekin hasi dute udako egitaraua Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek. Uztaila eta abuzturako egitarau "borobila" antolatu dute.
Iazko ideiarekin jarraituz, aurten ere, udako egitarau “borobila” plazaratu du Mutrikuko Gazte Asanbladak, “gaztetxetik kalera ateratzeko helburuarekin“. Hala, uztailaren 3an egindako bertso tramarekin eta uztailaren 4an hasitako pala txapelketarekin eman zioten hasiera egitarauari: “Iaz ere udako egitaraua antolatu genuen, eta aurten, ideia berri asko izan ditugu. Esaterako, joan den urtean pala txapelketa Gazte Asanbladatik antolatu genuen, eta aurten Azkia pilota taldearekin eta Emakume palistekin batera antolatu dugu. Guretzat garrantzitsua da herriko eragileekin elkarlana, baita, antolatzen ditugun ekintzetan herritarrek parte hartzea ere”.
Hurrengo ekimenei dagokienez, uztailaren 26an, Aquagym saioa egingo dute igerilekuan, eta uztailaren 31n Balira irakurle taldearen saioa egongo da; Formas de volver a casa liburua landuko dute. Gainera, zehaztu dute, Malen jaietan ere irekita egongo dela gaztetxea [uztailak 19,22 eta 24].
Abuztuaren 2an [zapatua] Boleibol eta Futbolley txapelketekin emango diote hasiera hilabeteari, eta abuztuaren 8an [barikua] salto txapelketa egongo da: “Ia ekintza guztiak kalean dira, udako giroan; besteak beste, hondartzan edota igerilekuan“. Txapelketetan parte hartzeko izen ematea aurrerago irekiko dutela jakinarazi dute.
Abuztuaren 26rako [martitzena] Wazemank gaua antolatu dute, eta abuztuaren 28an [eguena] Arrantza Eguna ospatuko dute: “Udaro Domeka pelikuleroak deituriko egitasmoa jartzen dugu martxan, baina jende asko ez dela etortzen ikusirik, buelta bat eman eta Wazemank gaua egingo dugu. Oraindik forma hartzeko duen arren, Wazemankeko programak ikusiko ditugu eta show bat edo beste ere egongo da”.