Heldu da Lekeitiora Gure Zirkua
Lekeitiarrek auzolanean muntatu dute Gure Zirkua, eta prest dago jada barikuan [uztailak 11] lehenengo emanaldia eskaintzeko. Uztaileko asteburuetan Lekeition egongo da, eta abuztuan, Orion.

Joan den maiatzaren 4an estreinatu zuen Gure Zirkuak ikuskizun berria, eta orduan ekin zion taldearen zortzigarren birari ere. “Gero eta nahasiagoa eta ilunagoa dirudien garaiari, argia, kolorea eta alaitasuna” ekarri nahi dizkio Gure Zirkuak aurten, eta uztailean Lekeition egongo da hori bizitzeko aukera.
Zirkua auzolanean muntatzeko deia egin zuen Lekeitioko Udalak, eta herritarrek erantzun egin zuten. Hala, astelehenean [uztailak 7] elkartu ziren herritarrak zirkua eskolako patioan muntatzeko, eta prestaketa lanak amaituta, barikuan [uztailak 11] ekingo dio Gure Zirkuak lehenengo emanaldiari. Hurrengo saioak, ostera, zapatuan eta domekan [uztailak 12 eta 13] izango dira; bina saio egingo dituzte egun horietako bakoitzean. Hurrengoak, uztailaren 18an, 19an, 20an, 24an, 25ean eta 26an izango dira. Lekeitioko emanaldien ostean, abuztuan Orion egongo da Gure Zirkua. Baterako nahiz besterako, sarrerak salgai daude www.gurezirkua.eus web orrian.
Xaribaria. Gure Zirkuko kideek azaldu dutenez, aurtengo emanaldiagaz “xaribaria aldarrikatu” nahi dute: “Xaribaria Erdi Aroan, Europa mendebaldean norbaiti burla edo zentsura egiteko herriko jendeak egindako zarata hotsa zen, besteak beste, Euskal Herrian bigarren ezkotzetan egiten zena”. Jatorria hor badu ere, gerora herri antzerki mota bat bilakatu zen, dantza, musika, kantua, bertsoak eta antzerkia uztartuz, epaiketa baten itxuran “gizarte kritika zorrotza” egiteko erabiltzen zena.
Horren ostean beste pausu bat eman, eta zirku garaikideak bereganatu egin du xaribaria: “Pistara elkarrekin agertzen direnean, zirkuko kide guztiek egiten duten algara, zalaparta eta poztasunari deitzen zaio xaribaria”. Hori horrela, xaribaria aldarrikatzera dator Gure Zirkua: “Hori da Gure Zirkuarekin zortzigarren bira honetan aldarrikatu nahi duguna, are gehiago munduak gero eta nahasiago eta ilunago dirudien honetan. Xaribaria, elkarrekin, lagunartean edo familian sortutako une koloretsu alai eta baikor gisa”.