Lea-Artibaiko Eguzki sare harrapari pelagikoen aurka agertu da
Eguzkik konpromiso "handiagoa" eskatu die Espainiar Estatuko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako instituzioei, harrapari pelagikoen aurrean "kontrol zorrotza behar dela" azpimarratuz.

Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak sare harrapari pelagikoek sortzen dituzten ondorioak salatu ditu, eta hauen kontra agertu da, “jasangarria ez delako, eta arrantzatzeko lekuak eta ekosistemak kaltetzen dituelako”: “Arrantza mota honetan bi ontziren arteko inbutu moduko sare bat arrastatzen da. Kontuan izan behar da sare inbutu hauek oso handiak direla, futbol zelai baten neurrikoak ere izan daitezke. Eta, jakina, bidean aurkitzen duten guztia harrapatzen dute: espezie komertzialak, ez komertzialak, zein babestuak. Besteak beste, dortokak eta izurdeak”.
Beste arrazoi batzuen artean, komertziala ez delako, sareetan denbora gehiegi pasatu duelako, edo azpian egonda zanpatuta geratu delako sareak harrapatutako arrain “asko” baztertzen direla dio Eguzkik: “Eta baztertutako guztia itsasora doa berriz, hilda”. Kontrara, Kantauriko arrantzaleek bazterketa saihesten dutela zehaztu dute: “Kantauriko arrantzaleek, aldiz, hegaluzeak kanaberaz edo xaxian arrantzatzen dituzte, artisau tresnez, alegia. Aleak banan-banan harrapatzen dituzte, bazterketa saihestuz”. Hala, Eguzkik “konpromiso handiagoa” eskatu die Espainiar Estatuko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako erakundeei: “Kontrol zorrotza izan behar du arrantzatzeko modu honek, pelagikoentzat eta erosle handientzat errentagarria ez izateko. Finean, Eusko Jaurlaritzak arrain hegaluzea sare pelagikoen bidez manipulatzen duten kontserbagileak arraina ontzietan zehaztera behartu beharko lituzke”.
Izan ere, Espainiar Estatuko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako uretan sare pelagikoen arrantza “debekatuta” dagoela zehaztu dute Eguzkitik: “Joan den astean iritsi ziren Euskal Herriko portuetara Irlandako arraste ontziak; euren sare pelagikoen bidez gure kostaldean bizi den edonor suntsitzen dutenak. Ondarroako portuan bakarrik zenbatu ahal izan genituen Irlandako zazpi ontzi pelagiko. Era horretan, azpimarratu nahi dugu, sare pelagikoen arrantza debekatuta dagoela Espainiar Estatuko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako uretan. Esan bezala, arrantza mota honek, den-dena harrapatzen du; beraz, ez da jasangarria”.
Hala, “arrantza olinpikoa” deritzona “akatsa” dela adierazi dute Eguzkitik, hau da, ontzi bakoitzak ahalik eta denborarik laburrenean ahalik eta harrapaketa handiena egiteko joera: “Arrantza olinpikoak, batetik, arrantzaleak zukutzen ditu, duela urte batzuk baino denbora gutxiagoan arrain kopuru berdintsua harrapartzera behartuz. Bestetik, kuota bi hilabete eskasetan kontzentratzen du, ohiko kontsumo garaia nabarmen murriztuz. Honek, erosle handien boterea areagotzen du”. Era horretan, sare pelagikoak herritarrengan sortu ditzaken “ondorioak” ere aipatu ditu: “Kantauriko arrantzaleek kupoarekin amaitzen dutenean pelagikoek bakarrik jarraitu ahal izango dute arrantzan. Beraz, gure etxeetan zein ostalaritzan kontsumituko den hegaluze freskoa pelagikoa izango da, ez banan-banan arrantzatutakoa, ezta euskal arrantzaleena ere”.
Horrez gain, Ondarroako alturako armadoreak irlandar pelagikoek harrapatutako hegaluzeak merkaturatzearekin ez dauela ados nabarmendu dute: “Harrapariak kanpainan dauden bitartean, gu ere bai. Gaelikozko eta ingelesezko kartelak prest ditugu arrantzale irlandarrei ongietorria emateko, baina ez haien sare harrapariei”.