Martxan da San Antolin jaiak iragartzeko kartel lehiaketa
Lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 27a izango da. Kartelik onenak 500 euro irabaziko ditu.
Bi hilabete baino gutxiago falta dira Lekeitioko San Antolin jaietarako, eta urtero bezala, Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak kartel lehiaketa antolatu dute. Hala, lanak entregatzeko azken eguna uztailaren 27a izango da, 21:00etan. Sari bakarra banatuko dute kartelik onenarentzat, 500 euroko saria, hain zuzen ere.
Teknika libreagaz, Lekeitioko jaiei lotutako berezitasunen bat agertu beharko dela azaldu dute — epaimahaiak baztertu egingo ditu herriko jaiekin zerikusirik ez duten kartelak —, eta baita hurrengo testua ere: “San Antolinak 2025. Lekitto”. Lanek testu gehiago badute, denak ere euskaraz izan beharko dira. Era berean, ez dituzte onartuko adimen artifizialagaz egindako lanak.
Egile bakoitzak nahi beste kartel aurkeztu ditzake, baina karteletako bakoitzak bere lelo edo esaera propioa eduki beharko du. Hori horrela, lan irabazlea abuztu hasieran emango dute jakitzera, udalaren sareetan nahiz Kultur Etxean. Lanen aukeraketa Jai Batzordeak egingo du, eta saririk ez ematea erabaki dezakete, aurkeztutako lanek behar besteko mailarik ez dutela uste badute.
Lanen entrega. Lanak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, JPG edo PDF formatuan, 21 zentimetroko zabalera eta 20 zentimetroko altueragaz, eta gutxienez 300 ppp-ko bereizmenagaz. Hala, lanak kulturetxea@lekeitio.eus helbidera bidali beharko dira, kartelaren lelo eta egilearen izen-abizen, helbide eta telefono zenbakia zehaztuz.
Informazio gehiago eta oinarri guztiak udalaren web orrian argitaratu dituzte.