Igeribidea programaren barruan hiru saio egingo dituzte Arrigorri hondartzan
Hiru saio egongo dira aurten Arrigorri hondartzan; lehenengoa, domekan [uztailak 13] izango da. Lekeition uztailaren 19an [zapatua] egingo dute I. Igeribideak zirkuitua.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, kirola, komunitatea eta prestakuntza uztartzen dituen “eskaintza berritzailea” denIgeribideak promagramaren hiru saio egingo dira Ondarroan. Lehenengoa, domekan [uztailak 13] egingo da, eta itsasoa “autonomiaz, segurtasunez, eta ingurumenarekiko errespetuz gozatzeko” pentsatutako jarduerak izango dira. Horrez gain, Lekeition bi saio burutuko dira, eta Igeribideak zirkuitua ere egingo da uztailaren 19an.
Domekako [uztaila 13] Arrigorriko saioak familiako igeriketa jolasak izango ditu oinarrian, eta 8 urtetik gorakoei bideratuta egongo da, 11:00etatik 13:00etara. Adingabeak heldu batekin joan beharko dira, eta antolatzaileek adierazi dutenez, ez da igeriketa maila handirik beharko, “uretan ondo pasatzeko gogoa besterik ez”. Gainerako bi saioak abuztuaren 3an [domeka] izango dira. Lehenengo, 09:30etik 11:30era, segurtasun tailerra egongo da, 12 urtetik gorako pertsonentzako, eta nahikoa izango da oinarrizko igeriketa jakitea. Ondoren, 12:00etatik 14:00etara masterclassa egongo da, 12 urtetik gorakoentzako izango da, eta igeriketako oinarrizko edo tarteko maila dutenei bideratuta egongo da.
Isuntzan uztailaren 19an [zapatua] gauzatuko dute segurtasun tailerra, 10:30etik 12:30era. Horrez gain, egun berean, Igeribideak zirkuituan parte hartzeko aukera ere egongo da, 3 etapatan banatuta. 1000 metroko zirkuitua izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta 14 urtetik gorakoentzako izango da.
Hirugarren saioa uztailaren 17an [domekan] egingo da, 11:00etatik 14:30era. Ingurumen boluntariotza jardunaldiak izango dira, eta 8 urtetik gorakoentzat izango da. Hala ere, 8 urte baino gutxiagoko umeak lagunduta joan daitezke. Oinarrizko igeriketa maila izatea beharrezkoa izango dela azpimarratu dute.
Saioetan parte hartzeko izena eman beharko da Bizkaiko Foru Aldundiko web orrian. Horrez gain, adingabeek baimena eraman beharko dute saio guztietarako.