Plaza Beltza berriro ere sormenez betetzeko, prest
Lekeitio Lagunkoiak berriro ere zuriz pintatu ditu Plaza Beltzeko hormak, umeek euren marrazkiak egin ditzaten. Gaineratu dutenez, 50 metro gehitu dizkiete guneari.

Joan den apirilaren 25an eta 26an margotu zuten lehenengoz Lekeitio Lagunkoia taldeko kideek Plaza Beltzeko hormetako bat, umeek bertan nahi beste marrazki egin zitzaten. Ordutik ume ugari pasa dira bertatik, eta Lagunkoi taldeak berriro ere margotzeko beharra ikusi zuen.
Hori horrela, atzo [uztailak 8] elkartu ziren atzera ere horma margotzeko, eta margotzeko beste 50 metro gehitu dizkiete: “Ordu eta erdiko ekintza izan da, eta partaideak oso gustura egon dira umeentzako espazioa berriro prest utzi dutelako. Azaleran 50 metro inguru irabazi dute umeek. Hainbat dira horma erabiltzen dutenak, eta ziur gaude udan horma berriro ere euren sormena landu eta bete egingo dutela”.

Plaza Beltzeko hormak berpintatu ditu Lekeitio Lagunkoiak
Gogorarazi dute hurrengo auzolan ekintza irailaren amaiera aldean izango dela, San Antolin jaien ostean. Aurreratu dutenez, besteren artean Santa Elena ermitako hormak berpintatu eta taldeko logoa ipiniko dute bertan.

Plaza Beltzeko hormak berpintatu ditu Lekeitio Lagunkoiak