Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketara proiektuak aurkezteko epea zabalik dago
Irailaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azkenengo eguna. 8.000 euroko saria eskuratuko du irabazleak, Ondarroako Udalaren eskutik.
Euskal kultura aberastu eta idazleen lana bultzatzea helburu duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketara proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute. Irailaren 30a izango da Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten lehiaketara lanak aurkezteko azkenengo eguna. Saria 8.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalaren eskutik jasoko du irabazleak; bekaren diru kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena eman ondoren.
Hala, nobelak idazteko proiektuak aurkeztu beharko dira deialdira; jatorrizkoak eta euskaraz sortuak. Horrez gain, beste inondik moldatu gabeak izan beharko dira, eta baita aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak ere. Beka irabazten duenak ezingo du berriro lehiaketan parte hartu.
Parte hartzaileek landu nahi duten kontakizunaren azalpena -bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa- aurkeztu beharko dute, eta egoki iritzitako ezaugarriak zehaztu beharko dituzte; besteak beste, argumentua, egitura, luzera eta estiloa. Horrez gain, idazlanaren lagina -hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa- aurkeztu beharko dute. Hala ere, ez da nahitaez kontakizunaren hasierakoa izan beharko, baina bai zati bakarra osatzen duena. Gainera, aurkezteko momentuan, egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatuta ere eroan beharko da. Oinarriei buruzko xehetasun gehiago Ondarroako Udalaren webgunean aurkitu daiteke.
Bekaren eskaera Ondarroako udaletxean aurkeztu beharko da: telematikoki edo presentzial. Telematikoki, Ondarroako Udalaren webgunetik egin daiteke, eta presentzialki, udal erregistro orokorrean aurkeztu daiteke, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kanttoipe kalea, 3, behea).
Epaimahaikideak udalak izendatutako bi aditu eta Elkar argitaletxeko editorea izango dira, eta idazkari lanetan Ondarroako udal euskara teknikaria arituko da. Jasotako proiektu guztiak aztertuko dituzte, eta haien arteko bat izendatuko dute irabazle 2025eko urriaren 31 baino lehen. Hala ere, aurkeztutako lanek behar bezalako kalitaterik ez dutela uste badute, beka eman gabe utzi dezake epaimahaiak.
Ondarroako Udaletik jakinarazi dute, irabazleak urtebeteko epea izango duela, gehienez, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta nobela amaituta udalaren esku jartzeko.