ETE eta KAE-2 ligetako I. Burdinola Bandera lehiatuko dute domekan

Lekeitioko Isuntza arraun elkarteak hiru urteren ostean, emakumezkoen trainerua berreskuratu du aurten. Horren harira, Eusko Label ligan gertatu bezala, Lekeitioko uretan bandera egongo da jokoan ETE ligan, baita gizonezkoen KAE-2 ligan ere. Aurten, Burdinola Kooperatiba Elkarteak babestuta, I. Burdinola Bandera egongo da jokoan domekan [uztailak 13].
Mutilek emango diote hasiera arraun goizari KAE-2 ligako seigarren jardunaldiagaz. 11:00etatik aurrera, nor baino nor gehiago ariko dira Busturialdea, Hibaika, Laredo, Lutxana, Orio B eta Portugalete. Lerrokatutako estropada izango da, hau da, hiru kaletara, eta bi txandatan banatuta joango dira.
12:00etan emango diote hasiera nesken estropadari. ETE ligako zazpigarren jardunaldia hartuko du Lekeitiok. Bertan parte hartuko duten traineruak Camargo, Deustu, Hernani, Kaiku, Ondarroa, Portugalete, San Juan, Zarautz eta Isuntza izango dira. Hauek ere lerrokatuta lehiatuko dute, baina hiru traineruko hiru txandatan.
Isuntza Arraun Elkartetik, eskerrak eman nahi izan dizkiete Burdinola Kooperatibari estropadaren babesle izateagatik eta Amorotoko kooperatibak “gazteen arrauna eta bereziki emakumeen arrauna bultzatzeko apostua egiteagatik Isuntza Arraun Elkartearen bitartez”.