Alarabiren etorrerak Goikoportala koloreztatu du
Bekobenta Eskolaren pregoiagaz eman diete hasiera Karmen jaiei; herri eskola euskaldun, anitz eta parte hartzailearen aldeko mezua zabaldu dute.

Aurpegi irribarretsuak, kamiseta koloretsuak eta lagunez inguratuta. Hala hasi dituzte gaur [uztailak 12] Karmen jaiak markina-xemeindarrek. Eguraldi ederra lagun, Alarabi jaisteko zain zeuden herritarrak, eta 17:30ean Xemeindik abiatu den kalejiragaz heldu da udaletxe aurrera.
Plaza jendez beteta, gustura hartu dute Alarabiren zain zeudenek haren etorrera. Musika, kantu eta dantza artean egin diete harrera, eta baita aurtengo pregoilariei ere. Bekobenta Eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta hala, eurak izan dira aurtengo pregoilariak. Zuriñe Egia eskolako zuzendaritza taldeko kideak hartu du hitza: “Pozgarria da herriak aukera hau guri eskaini izana, eta oso eskertuta gaude. 1975. urtean amaitu gabeko eraikin gorrixka hark inguruko herri txikietako, auzo eskoletako eta Markina-Xemeingo umeak batu zituen. Orduan eskola nazional moduan ezagutzen genuen eskola hura, 50 urtean momentuan momentuko beharretara egokitzen joan da, eta gaur egungo Bekobenta eskola izatera iritsi da”.
Egiagaz batera egon dira Agurne Arizmendiarrieta Oizpe Guraso Elkarteko kidea eta Danel Jaio eta Maialen Eizagirre ikasleak ere, eta hori gutxi balitz, bertan egon dira Beko eta Benta erraldoiak ere, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailakoek inauteri egunerako egindako erraldoiak. Hala, Arizmendiarrietak herri eskola euskaldun, anitz eta parte hartzailearen aldeko deia zabaldu du, eta Jaiok eta Eizagirrek gerrarik gabeko mundua gura dutela adierazi dute: “Gerrarik gabeko mundua imajinatzen dugu, umeek goserik pasatuko ez duten mundua, eskolara joateko aukera guztiok daukagun mundua… Ez dugulako nahi horrelako egoeretan inor egoterik”. Hala, “giro alaiean, umore onarekin, inor baztertu barik eta ezelako indarkeriarik barik” igaro nahi dituztela jaiak aldarrikatu, eta eztanda egin du jaiak, txupinazoagaz batera.
Txupinazoagaz jaia hasi baino ez da egin. Ostean kalejira egin dute buruhandi eta txistulariekin, eta txosnagunetik hasita bizikleta kalejiran ere elkartu dira, Zuttik Elektrotxarangagaz. Gauean jaiak aurrera jarraituko du: danborrada eta J Martina, Xiberoots eta Maruxak musika taldeen kontzertuak egongo dira.


































































