"Bekobentaren 50. urteurrenari amaiera emateko modua izango da"
Bekobenta Eskolako guraso, irakasle eta umeek botako dute Karmen jaiei hasiera ofiziala ematen dien pregoia. Eskolak 50 urte bete dituen honetan, urteurren borobila herritarrekin batera ixteko "ilusioagaz" daude pregoilariak.

Bekobenta Eskolaren 50. urteurrena antolatzen “buru-belarri” ibili dira Zuriñe Egia eskolako irakaslea eta Agurne Arizmendiarrieta eta Ainara Agirreamalloa Bekobentako Guraso Elkarteko kideak. Pregoilari izateko proposamena “ezustean” hartu duten arren, eskolaren ardatzak eta balioak plazaratzeko momentua dela argi daukate. Hala, gaur arratsaldean udaletxeko balkoira igoko dira, eskolaren urteurrenari amaiera emateko.
Zer esanahi dauka zuentzat Bekobenta Eskola Karmenetako pregoilari izateak?
Guretzat aukera handia da pregoilari izatea. Izan ere, uste dugu pregoia botatzeko aukera bizitzan behin tokatzen dela, eta guri aurten tokatu zaigu. Bekobenta Eskola herritarrengana hurbiltzeko aukera bezala ikusten dugu.
Nola jaso zenuten proposamena?
Udalak pregoilari izateko proposamena luzatu zigunean, ezustean harrapatu gintuen, ez baikenuen espero. Hala ere, guraso elkartetik argi geneukan eskola osatzen dugun guztiok parte hartu behar genuela pregoian, denok garelako Bekobentaren parte; finean, eskolaren ahotsa ondo entzuteko beharrezkoa da. Urte guztian egin den lana borobiltzeko azken ukitua izango da.
Guraso elkartetik argi geneukan eskola osatzen dugun guztiok parte hartu behar genuela pregoian, denok garelako Bekobentaren parte.
Nola irudikatzen duzue momentua?
Oilo ipurdia jartzen zaigu momentuan pentsatzen jartzen garenean. Urduri ere bagaude, jakina. Guretzat sorpresa handia izan da eta badakigu momentuan bertan ere, hunkituta egon arren, oso urduri egongo garela. Baina, aldi berean, badakigu ere, amaieran, behin pregoia bota ondoren, poz handia sentituko dugula. Gogotsu eta ilusioagaz gaude.
Zein da herriari zabaldu nahi diozuen mezua?
Bekobenta Eskolaren balioak eta ardatzak zabaldu nahi ditugu. Bekobenta eskola publikoa, euskalduna, ikasleen beharrak erdigunean dituena, aniztasuna oinarri duena eta parte hartzailea dela ozen esango dugu. Horregatik, eskolako komunitatea osatzen dugun irakasle, ikasle, guraso eta umeek botatako pregoia izango da. Hala, pregoia zati ezberdinetan banatu dugu. Lehenengoan, nondik gatozen azalduko dugu; izan ere, 50 urte hauetan lan handia egin da gaur egun garena izateko. 1975. urtean sortu zen Bekobenta, Frankismo garaian; hau da, euskara debekatuta zegoen garaian.
Gaztelerazko kutsua izatetik, euskara hutsean eta euskara ardatz daukan eskola izatera pasatu gara urte hauetan, eta bide honetan egindako lana ere nabarmendu nahi dugu. Amaitzeko, ikasleek hartuko dute hitza, eta Karmen jaiei buruz hitz egingo dute. Horrez gain, gainerako herrialdeetako umeekin ere oroituko gara, eta gerrari buruz ere hitz egingo dugu; gu jaietan egon arren, beste herrialde askotako egoera ez baita jai girokoa. Amaitzeko, inor baztertzen ez duten jaiak nahi ditugula aldarrikatuko dugu, eta erasorik ez dugula onartuko azpimarratuko dugu. Herritarrei jaietan parte hartzeko deia ere egingo diegu, eta lagunartean eta umore onez, ondo pasatzeko esango diegu.
Bekobenta eskola publikoa, euskalduna, ikasleen beharrak erdigunean dituena, aniztasuna oinarri duena eta parte hartzailea dela ozen esango dugu.
Pregoia botatzea, nolabait, 50. urteurrenari itxiera emateko modua da?
Bai, bete-betean. 50. urteurrenari amaiera emateko modua izango da gaurko pregoia. Amaiera borobila emango diogu horrela. Gainera, eskolako jaia herrira eramateko aukera paregabea izango da. Guretzat oso garrantzitsua da, herritarrengana iritsiko garelako.
Behin 50 urte beteta, beste 50 betetzeko prest zaudete?
Gu ez gara egongo 50 urte barru, kar-kar-kar. Baina egin dezatela atzetik datozenek. Guk ahal duguna egin dugu, eta orain, gure umeei tokatzen zaie egindako lanaren erreleboa hartzea. Guk Bekobenta Eskolaren 50 urte ikusi ditugu, eta espero dugu ondorengoek beste 50 urteak ikustea.
Esaldi batean, nola definituko zenukete Bekobenta Eskola?
Bekobenta herri eskola euskaldun eta parte hartzailea da, guztientzako zabalik dagoena. Horrez gain, gure ondorengoak hezten laguntzen digun eskola da, beti ere, euskaraz.