Erasoen aurreko erantzun irmo eta antolatua
Erasoaldi matxistei aurre egiteko protokoloa eguneratu dute udalak eta herriko denetariko eragileek, eta telefono bidezko zerbitzua nahiz aurrez aurrekoa egongo dira aurtengo jaietan. Erasoen aurrean arreta emateaz gain, informazioa eta aholkularitza emateko helburua ere badute.

Iazko Karmen jaietan ipini zuten abian Markina-Xemeinen erasoaldi matxisten aurkako protokoloa; duela urtebete, udalak herriko talde, elkarte nahiz eragileekin auzolan prozesua egin zuen, eta haren emari izan zen erasoei aurre egiteko protokolo hura. Aurtengo karmenetan ere, protokoloa martxan egongo da, eguneratuta eta suerta litezkeen egoerei aurre egiteko prest.
Aurten, udal taldearen eta mugimendu feministaren ordezkariek osaturiko koordinazio mahaia eratu dute, eta herriko eragileekin, udalean diharduten politikariekin nahiz tabernariekin protokolo eguneratuaren «sozializazio prozesua» egin dute jarraian.
Lanketa feminista izango du ardatz protokoloak, jaietan gertatzen diren egoerak, funtsean, egunean-egunean pasatzen direnen une jakin bateko proiekzio sozialak diren heinean. Sistema eguneratuaren helburuak alde bikoak izango direla aditzera eman dute: «Alde batetik, erasoaldia jasan duenari arreta eta akonpainamendua ematea bilatuko da. Bestetik, erasoaldi matxistak erregistratzeko ere balioko du, edozein intentsitate mailatakoak izanik ere; beraz, herritarrei zerbitzua erabiltzeko deialdia luzatzen diegu, edozein egoeraren aurrean».
Horiekin batera, ez dute ahaztu gura sentsibilizazioaz eta alderdi informatiboaz: «Erasorik ikusi edo jasan ezean ere, edozein zalantzaren aurrean informazioa edota argibideak bertatik bertara jasotzeko lanabesa izan dadila nahi dugu».
Zenbaki berria: 633 79 38 93
Azaldu dutenaren arabera, jaietan oinarrizko arreta mota bi edukiko dituzte eskura herritarrek: telefono bidezkoa eta aurrez aurrekoa. Telefono zenbakia iazkoarekiko desberdina izango da, baina aurrerantzean aurtengoa mantentzeko asmoa dute. Honako hau izango da: 633 79 38 93. Zerbitzu hori erabilgarri egongo da hala gaur, nola bihar, 22:00etatik 08:00retara bitarteko ordutegiaren barruan.
Aurrez aurreko arreta zerbitzuari dagokionez, Brigada Feministako kideek asistentziarako erreferentzia gune bat edukiko dute, hori ere gaur zein bihar: 22:00etatik 01:00era artean, Arkupean egongo dira, eta «behar duenari eskura dituen baliabideen berri emateko gunea» izango da.
Ez hori bakarrik: bihar, Uhagon kulturguneak ere arreta puntua hartuko duela iragarri dute. «Profesional bi egongo dira bertan, arreta emozionala eta aholkularitza emateko gertu; Uhagon kulturguneko aurrez aurreko arreta gune horren ordutegia 22:00etatik 08:00etara bitartekoa izango da, eta garrantzitsua deritzogu herritarrek jakitea eremu hori ere erabilgarri izango dutela».
Jaietako gainontzeko egunetan markina-xemeindarrek nahiz bisitariek eskura izango dituzten bestelako zerbitzuak ere ez dituzte ahazten: «Ohiko modura, herriko udaltzainetara jotzeko aukera egongo da, aurrez aurre zein telefono bidez; aurrez aurreko zerbitzua 08:00etatik 22:00etara artean emango dute, eta beraien telefono zenbakia 656 79 11 44 da». Gainera, Sateviren ohiko 24 orduko telefono zerbitzua ere martxan egongo da; hartu-emanetarako telefono zenbakia 900 84 01 11 izango da.
Erabilerarako deialdia
Eraso matxisten aurkako protokoloaren estreinaldiak iaz edukitako funtzionamenduaren irakurketa «positiboa» egin dute udal ordezkariek: «Kasuren bat edo beste artatu zen, eta, horrenbestez, martxan egon den lehen aldiaren balorazioak baikorra izan behar du. Akatsak konponduta eta protokoloa eguneratuta, bere efizientzia maila handiagoa izan dadila espero dugu. Era berean, garrantzitsuena da herritarrek zalantzarik ez egitea, hura erabili ala ez daudenean: zerbitzuaren noranzkoa edozein mailatako erasoak erregistratzea ere badenez, ekarpenak jasotzea oso inportantea da; halaber, beste barik edozein zalantza duenarentzako gunea ere badela argitu gura dugu. Amaitzeko, herritar denen inplikazioa eskatzen dugu, jai gunea espazio segurua izan dadin».