Herritar guztientzako eginiko jaiak
Markina-Xemeingo Jai Batzordeak herritar guztiak karmenetako ospakizunetan biltzeko «egitarau oparo eta zabala» prestatu du, eta ez dira herri bazkaria, Herritxoua edota herri kirolak faltako. Txosna batzordearen Txosna Eguna martitzenean egingo dute. Txosnak Gureak Denonak dinamikaren garrantzia azpimarratu eta sinadura bilketan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Karmenak etenik gabeko egunak dira markina-xemeindarrentzat. Hilabete askotako lan eta plangintza da, berriz, Markina-Xemeingo Jai Batzordeko kideentzat. Helburu argiagaz lan egiten dute: herritar guztiek goza dezaketen «egitarau oparoa eta zabala» egitea. Horregatik, gaurtik uztailaren 16ra bitarteko eskaintza «bateratua» izan dadin, azken hilabeteetan batzorde parte hartzaileak deitu dituzte, eragile zein norbanakoen ekarpenak jasotzeko. Orain, helburua beteta, jaiei ekiteko prest daude.
Eguneko zein gaueko egitaraua prestatu dute, baina jaietan gertatu ohi den bezala, kontzertuek garrantzia hartu dute Markina-Xemeinen ere. Jai batzordeak «eskaintza zabala» atondu du, musika estilo eta adin guztietako pertsonak kontuan hartuta. Izan ere, iaz «kritikatxoa» jaso zuten herriko edadetuen partetik, proposamenak «gazteei begirakoak» zirelako edota musika «estilo jakin batera bideratuta» zeudelako. Aurten, jubilatuen elkartetik ere batzordera hurbildu dira ekarpenak egitera: «Zerbait ezberdina ekartzeko balio izan digu». Hala, sei egunetan denetariko kontzertuez gozatuko dute herrian.
Musika ez da faltako barraketan, baina aurten ez dute udaletxetik bideratuko, iazko proba pilotua «ez zelako ondo irten». Horren ordez, barraken gunea bitan banatu —umeen eremua eta gazteen eremua—, eta bakoitzean «adinera egokitutako musika» jarriko dute: «Gure nahia barraketako musika bateratzea zen, baina iaz gune batean gabezia sortu zen; aurten beraiek jarriko dute musika, beraien ekipoetatik».
Iaz berreskuratutako beste ekimen batzuk, berriz, jarraipena izango dute aurten. Markina-Xemeingo Udalaren eta Maddi Txurruka musikariaren arteko lankidetzarekin, herriko musika banda berreskuratu zuten iaz, eta emanaldia «zoragarri» atera zitzaienez, gaur ere danborradan aterako dira, 21:00etan, Bekobentatik hasita. Ez da herriko bandaren emanaldi bakarra izango: Karmen egunez Alarabi erre aurreko kalejira girotuko dute, Goikoportaletik Zelairaino, Txurrukak sortutako abesti bat estreinatuz: «Herriko bandak Agur Alarabi joko du, Txurrukak Alarabiren erretze kalejirarako konposatutako abestia».
Bazkaria eta Herritxoua
Herri bazkaria da jaietan adin tarte ezberdinetako herritar gehien biltzen dituen ekimenetako bat, eta biharkoa ez da ezberdina izango: 2.885 pertsonak izena eman dute. Jai batzordetik «zerura begira» dabiltzala adierazi dute, bazkaria nahi bezala ateratzeko eguraldia ona «funtsezkoa» baita. Bazkariaren ostean ez da Herritxoua faltako: sei parte hartzailek eman dute izena.
Herritxouaren eta gaueko kontzertuaren artean, elektrotxaranga egon da azken urteetan, eta aurten mantenduko badute ere, herritarren beste eskaera bat ere erantzun dute: «Jai batzorde parte hartzaileari esker, komentatu zen umeekin dauden gurasoak, elektrotxarangaren atzetik joan ezin direnak, kanpo geratzen zirela. Horregatik, Mugi Panderoa erromeria kontratatu dugu; Herritxoua amaitzeagaz batera, eszenatokian jotzen hasiko dira jaia alaitzeko».
Egitarauaren barruan bere tokia lortu dute herri kirolek ere. Horiek ere iaz berreskuratu zituzten, eta aurten jarraipena izango dute. Etzirako jarri dute hitzordua, 12:00etan, Zelaian «asko ikusten ez diren Iparraldeko herri kirolez» disfrutatzeko, tartean, lasto-jaurtiketaz.
«Herritik eta herriarentzat»
Iaz aldatzea erabaki zuten arte, Txosna Egunagaz hasten zituzten jaiak markina-xemeindarrek. Aurten, iaz hasitako bideari ekin, eta martitzenean egingo dute: «Egun esanguratsuak pasatu eta gero, martitzenean izango da Txosnen Eguna. Karmen eguna uztailaren 16a denez, eta jaiak luzatu egingo direnez, jaien barruan sartzea erabaki dugu aurten ere».
Markina-Xemeingo Txosna Batzordea bost taldek osatzen dute, urtean zehar «bakoitzak bere dinamika» badu ere, jaiak antolatzeko elkarlanean dihardutenak: «Urtean bi ekimen nagusi egiten ditugu; Bertsio Gaua otsaila-martxoa aldera eta ekainean egitarauaren aurkezpena eta kontzerturen bat gaztetxean. Hortik ateratzen dugun diru apurragaz herriko jaiak antolatzen ahalegintzen gara». Aurten ere, udalagaz elkarlanean eguna biribiltzeko kontzertuak lortu dituzte: Asgarth, Altxaporru eta DJ Zatzaz.
«Herriko bandak Agur Alarabi joko du, Alarabiren erretze kalejirarako konposatutako abestia»
Txosna Egunez afarian elkartuko dira herritarrak, eta beste urte batez, sarrerek «hegan» egin dute»: «200 tiketak segituan saldu dira. Oso hurbilekoak ere, komunitateko jendea, tiketik gabe geratu da. Seinale ona da batetik, baina bestetik, pena ematen du momentu horretaz denok batera gozatu ezin izateak».
Batzordeak Txosnak Gureak Denonak dinamikaren garrantzia azpimarratu du, eta «markina-xemeindar denek txosnak ondasun immaterial izendatzea aldarrikatzen duen ekimenaren sinadura bilketan parte hartzea» nahi dute, «txosnek aurrera jarraitu dezaten» Euskal Herrian: «Txosnak herritik eta herriarentzat lanean dabiltzan eragileak dira, irabazi asmorik ez dutenak, eta helburu bakarra horrelako jai ereduak aurrera ateratzea dutenak. Ez gaude zergen kontra, baina txosnak ez dira enpresa bat, ez dute horrela funtzionatzen. Txosnei zerga horiek jartzea txosnak zulora bideratzea litzateke, eta etorkizuna txosna gabekoa izango zen». Horregatik, txosnek bizirauteko modua ondasun immaterial bihurtu eta «euren dinamika euren kabuz aurrera eramateko gaitasuna bermatzea» dela defendatuko dute.
Baztarretatik herrira arrastoa lagaten lelopean, txosna batzordearen «helburu bakarra herrira heltzea eta herriari espazio bat eskaintzea» dela adierazi dute, non «denentzako jai eredu alternatiboa egongo den eta denek seguru eta askatasunez bizi ahal izango duten». Hala, «denentzako jaiak» nahi dituztela aldarrikatu dute. Jai batzordetik bat egin dute aldarrikapenagaz, eta «ondo portatu eta herria garbi mantentzeko» deia ere luzatu diete herritarrei: «Zoritxarrez, esan egin behar den gauza da gaur egun. Denek ondo pasatzea nahi dugu». Halaber, markina-xemeindarrez haratago, «inguruko jende guztia» ere Karmen jaietara gonbidatu dute.
«Ezton/k eta baidon/k»
Euskaraldiagaz zabaldutako bidea jarraituz, eta azaroan Markina-Xemeinen egingo den Euskal Herriko II. Hika Topaketara begira, «sentsibilizazioa landu eta giroa berotzen hasteko» asmoz, Karmen jaietan Hi bizirik lelodun pegatinak banatuko dituzte. Horrez gain, «aditz erabilienekin osatutako txuleta egokituak» eta binetak ere aterako dituzte, karmenetako jai giroan «parrandarako hizkuntza euskara izateko eta lagun arteko harremanetan bultzatu nahi den hitanoa ere bertan egoteko».
Ekimena ez da Markina-Xemeinen bakarrik egingo, hitanoa sustatzeko interesa duten Aulesti, Ziortza-Bolibar, Munitibar eta Etxebarriako administrazio, eragile eta norbanakoekin egindako lankidetzatik jaio baita. Hala, udalerri horietako jaietan ere presente egongo da.